Euskal Dantzarien Biltzarra
Euskal Dantzarien Biltzarra

HISTORIA

Folklorea, zalantzarik gabe, gizarte bat ondoen definitzen duen agerpen kulturala da, eta mendeetan zehar belaunaldiz belaunaldi gorde diren dantza tradizionalak beronen adierazle garrantzitsua.

Dantza hauetan kultura tribalen aztarna eta Kristo aurreko seinaleak ikus ditzakegu, baita mota guztietako eragin eta nahaste kulturalak ere.

Dantza tradizionala bizitza sozial, erlijioso eta ludikoaren zati handia izan da Euskal Herrian, izan ere, ez baitago dantza batekin goretsi edo ospatu ez den ekitaldi edo jairik: ezpata-dantzak, paloteoak, inauteriko maskaradak, soka-dantzak, gizon- edo emakume-dantzak, gizon- eta emakume-dantzak...

Dantza hauetako asko etenik gabe plazaratu dira duela 400 urtetik jai edo ospakizun erlijioso ezberdinetan. Beste batzuk zaharragoak dira edo denboran galtzen zaizkigu.

Euskal Herriko dantza tradizionaleko taldeak aberastasun eta aniztasun folklorikoari dagokionez Europa mailan aberatsenetakoa den kultur ondare garrantzitsu hau gordetzen eta zabaltzen jarraitzen dute.

XX. mendearen hasieratik euskal dantza talde guztiak bilduko zituen elkarte bat sortzeko ahaleginak egin ziren eta 1965eko martxoaren 11n ESKUAL DANTZARIEN BILATZARA (EDB) sortu zen euskal dantza taldeen federazio gisa. Horrela, urte hauetan guztietan Euskal Herriko dantzen ikasketa, irakasketa eta praktikaren inguruko dantzari eta taldeen oso zati garrantzitsua bildu du.

Hasiera batean Iparralden legalizatu zen ESKUAL DANTZARIEN BILTZARRA izenpean, legedi frankistak ez baitzuen Hegoalden legalizatzeko inolako aukerarik ematen. Bere lehen jendaurreko ekitaldia 1966ko Dantzari Eguna izan zen, Biarritzeko Agilera estadioan urte horretako maiatzaren 11n eta bertan Euskal Herriko herrialde guztietatik etorritakoek hartu zuten parte.

Barruti horretan bertan EDBren lehen biltzarra ospatu zen eta lehenengo Zuzendaritza-Batzordea osatu zen hurrengo batzordekideekin:

Lehendakaria: Paul Rocca-Serra Legarralde.
Idazkaria: Abbé Aphataberry.
Diruzaina: Michel Burucos.
Xabier Gereño Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako taldeen ordezkari hautatua izan zen, berauek Hegoalden beren egoera legalizatu ahal izan arte.

Urte horretan bertan hasiera batean DANTZARI izena hartu zuen aldizkariaren lehen alea argitaratu zen,  Xabier Gereñok burututako lana nabarmena izanik. Hala ere, hiru urteren ondoren aldizkaria utzi behar izan zuen euskal kulturarekin erlazionatutako beste eginkizun batzuei ekiteko.

1969an, aurreko Zuzendaritza zatitu ondoren, beste Batzorde bat hautatu zen EDBren legalizazioa Euskal Herriko hegoaldean sustatzeko asmoz. Honako hauek osatu zuten Batzorde berria:
Lehendakaria: Jesus Arozamena.
Lehendakari-ordea: Imanol Olaizola.
Idazkaria: Javier Aranburu.
Idazkari teknikoa: Iñaki Beobide.
Diruzaina: Juan Antonio Urbeltz.
Batzarkideak: Maria Elena Arizmendi, Antton Valverde, Francisco Escudero eta Gaizka Barandiaran.

Estatutu berriak “Euskal Herriaren Adiskideen Elkarte”aren artekaritzarekin onartu ziren 1969ko azaroaren 29an; beraz, Euskal Dantzarien Biltzarraren legalizazioa errealitate bat zen Euskal Herri osoan. Baina legalizazioa gorabehera, arazo ugari izan ziren administrazio frankistarekin, besteak beste, 1970ean Zarautzeko Dantzari Egunaren Biltzarrean eta ospakizunean, bertan, poliziaren kontrol zorrotza dela eta,  istilu asko egon baitziren.

Hurrengo urteetako biltzarrak Eibar, Gasteiz eta Lekarozen burutu ziren, eta Dantzari Egunak Gasteiz, Donostia eta Donibane Lohitzunen. Aipagarria da biltzarra Eibarren ospatu zela nahiz eta hasiera batean Bilbo aukeratu, Bizkaiko Gobernu Zibilak debekua ezarri zuelako. Lokala lortzeko ahalegin askoren ondoren, azkenean biltzarra Arrate Elkartean ospatu ahal izan zen, zein garai hartan ohikoak ziren isun gogorrak edo ondorio txarragoak jasotzera ausartu baitzen.

1972an, Jesus Mª Arozamena lehendakaria zendu ondoren, Biltzar berezi bat burutu zen eta bertan Batzorde berria izendatu zen:
Lehendakaria: Iñaki Olaizola.
Lehendakari-ordea: Javier Aranburu.
Idazkaria: Iñaki Muguerza.
Diruzaina: Agapito Gorostiaga.
Idazkari teknikoa: Iñaki Beobide

Batzorde hau Donostian burutu ziren Nazioarteko Folklorearen 1. Jardunaldiak antolatzeaz arduratu zen. Bertan folklore europarrean aipagarriak diren Lucille Amstrong (Bretainia Handia), Katzarova andrea (Bulgaria), Gurit Kadman (Israel), Cherbuliez andrea (Suitza) bezalako pertsona ospetsuek parte hartu zuten, baita  Iñaki Irigoien, Gaizka Barandiaran, Juan Antonio Urbeltz, Joakin Jiménez, Francisco Arrarás... bezalako euskal ikerlari garrantzitsuek ere.

Dantzari aldizkariak Dantzariak izena hartzen du eta aurrera eramateko erredakzio- eta elaborazio-talde bat sortzen da eta dantza tradizionalaren ikertzaile eta maitaleen topagune garrantzitsua bihurtzen da. Aldizkari honen aldeko lanagatik Iñaki Irigoien, Jesús Fernández, Mikel Larramendi, Angel Murua, Joxemiel Bidador... nabarmentzen dira.

1974an berriz burutzen da EDBren lehendakaritzaren aldaketa, eta honela geratzen dira karguak:
Lehendakaria: Vicente Zaragüeta.
Lehendakari-ordea: Javier Aranburu.

1978an Iruñean  burutzen da Dantzari Eguna eta Nafarroako hiriburuko zezen-plaza dantza tradizionalaren dantzariz eta maitalez betetzen da. Ekitaldi honek bultzada garrantzitsua eman zion EDBri, eta harrezkero zabaldu egin zuen jarduera-aukera: ikastaroak, dantzen grabazioak, disko eta bideoen edizioa, ikerketa-lanak... Era berean, lana sustatu zen Euskal Herriko lurralde bakoitzean.

Urte horretan bertan Zuzendaritza-Batzordearen aldaketa burutu zen eta Euskal Herriko lurralde guztietako kideek batzordean parte har zezaten sustatu zen. Honela osatu zen Batzorde berria:
Lehendakaria: Iñaki Irigoien.
Lehendakari-ordea: Mikel Irazoiz.
Idazkaria: Xabier Mendizabal.
Diruzaina: Juan Jose Lauzirika.
Jose Maria Jimeno Jurio jauna Ohorezko Lehendakari izendatu zen.

Urte hauetan zehar aldaketa politiko garrantzitsuak gertatzen dira, Eusko Jaurlaritzaren zein Udal eta Foru Aldundien eraketa aipagarriena izanik. EDBk eta bere ordezkaritzek diru-laguntzak jasotzen dituzte erakunde hauetatik eta honi esker jarduera-programa eta bere lurralde-azpiegiturak (egoitzak) hobetu eta zabaltzen dira.

Hurrengo urteetan garapen garrantzitsua ematen da lurralde-federazioetan eta elkarte bat sortzen da legez lurralde-ordezkaritza bakoitzeko, Gipuzkoakoa izan ezik, Elkartearen izena legez mantendu zuena. Honek lurralde ezberdinetan antolatutako jarduera kopurua handitzea ekarri zuen, nahiz eta autonomia honek guztien  jarduerek indarra gal zezaten ere ekarri.

90. hamarkadan, aldaketa-bide honetan, EDBren Batzordeak berritu ziren eta lehenengo Agapito Gorostiaga eta beranduago Angel Murua izan ziren bere Lehendakariak.

Azken honek bere kargua utzi ondoren, Maribel Ortiz de Zaratek hartu zuen ardura eta Federazioaren egitura indarrean zegoen legedira egokitzeari ekin zion. Euskal Herria, egun bezala, hiru administraziotan banatzen zen eta honek harremanak zailtzen zituen diru-laguntzak eskatzeko orduan, baita erakundeekin lankidetza hitzarmenak eta protokoloak ezartzeko orduan ere.

EDBren egitura berria barruko antolakuntzari, antolatzen dituen jarduerei edo finantzaketa erari dagokienez autonomia handiz funtzionatzen ari diren bost ordezkaritzatatik abiatuta osatzen da. EDBren ordezkaritzek, lurralde bakoitzeko talde eta dantzariak federatzeaz arduratzen.direnek, historikoki aurrera eraman dituzten jarduera nagusiak biltzen dituen proiektu bakarra dute: Dantzari Eguna, aldizkaria, ikastaroa, bideo eta diskoen edizioa, dantzen grabazioak... Bere finantzaketa ordezkaritzen kuotetan, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzetan eta editatzen duen materialaren salmentan oinarritzen da.

Gaur egun, ordezkaritza guztiak daude ordezkaturik Batzordean. Hurrengo hauek osatzen dute Batzordea:


Joseba Altube (Lehendakaria).

Asun Mikelarena (Lehendakari-ordea).

Pedro Romeo (Idazkaria)

Nati Lopez de Uralde (Diruzaina).

Iñigo Couto (Bokala).

Xabier Mendizabal (Bokala)

Batzorde hau txandaka biltzen da 6-8 aldiz urtean ordezkaritzek dituzten egoitzetako batean. Bere helburuak bere sorreran proposatu ziren berberak dira, urte hauetan guztietan dantza taldeen baldintzak asko aldatu badira ere. Bere ahaleginak proposatutako programa aurrera ateratzean eta proiektu bakar baten inguruan (Euskal Dantzarien Biltzarra) ordezkaritzen unitatea mantentzean jartzen dira.