Euskal Dantzarien Biltzarra
Euskal Dantzarien Biltzarra

Lesakako Zubigainekoa, «ahizpatasuna zentzu guztietan»

Autor: Naiz+

Medio: Naiz.eus

Localización: Lesaka

Tipo: noticia

Fecha: 2019-07-08

Fuente: Naiz.eus

Emakumeek lehen aldiz dantzatu zuten atzo Lesakako Zubigainekoa. Hiruzpalau urtez entseguetan parte hartu ondoren, atzo iritsi zen egun handia. Irantzu Pastor, Leire Pastor dantzariaren ahizpak,  atzo bizitakoa «ahizpatasun ariketa» izan zela dio sareetan oihartzun zabala eskuratu duen mezuan.

 

Emakumeek lehen aldiz dantzatu zuten atzo Lesakako Zubigainekoa. Alaitz Etxabide, Maddi Taberna eta Leire Pastor izan dira Onin ibaiaren ertzeko petrilean lehen aldiz aritu diren lehen hiru emakume dantzariak. Hiruzpalau urtez entseguetan parte hartu ondoren, aurten iritsi da emakumeek dantza honetan parte hartzeko ordua.

 

Urtero moduan, San Fermin egunarekin egin ohi duten dantza, sanferminetako ekitaldi kuttunetarikoa izan ohi da. Atzokoa are bereziagoa izan zen, eta ohi baino herritar gehiago bertaratu zen lehen aldiz emakumeak dantzan ikustera.

Hunkigarria izan zen atzoko eguna askorentzat. Egun hori ahantziko ez duten artean dago Irantzu Pastor lesakarra. Bere ahizpa Leire Pastor zuen zubi gainean dantzan eta irudi eta lerro eder hauekin omenaldia egin nahi izan dio bere senideari sare sozialen bidez.

Zoriontasuna iradokitzen duen Leire Pastorren argazkiaren azpian, ohiturak bizi diren garaitik isolatu ezin direla nabarmendu nahi izan du: «Hauek mantentzeko modu bakarra, bizi garen garaietara moldatzea da. Atzokoagatik gara gaur garena, baina gaur egiten ditugun eraldaketengatik izanen gara bihar izan nahi duguna», dio.

«Emakumeek aurrera egiten dutenean gizonek ez dutela atzera egiten» ulertuta, emakumeek begira gelditu nahi ez dutela aldarrikatu du; «Parte hartu nahi dugu, dantzatu, ezpartzinak jarri, goizeko 8etan plazara joan kaxkabelen soinuaz, urduri, emozio leherketa bizi, horrela ere gozatzeko eskubidea izan», dio.

«Oztopoak gaindituz, eraldatu eta aurrera egiteko sortu ginen. Irriz eta dantzan atzean uzteko, betirako, jasan behar izaten dugun ikusezintasuna»,aldarrikatzen du Facebooken zabaldu eta dezenteko oihartzuna eskuratu duen mezuak.

Harrotasunez eta hunkituta agurtzen du ahizpa Irantzu Pastorrek eta atzokoa zentzu guztietan «ahizpatasuna» izan zela nabarmendu du.