Euskal Dantzarien Biltzarra
Euskal Dantzarien Biltzarra

"Alkate dantza egitea zerbait berezia da"

Egilea: Erkuden Ruiz Barroso

Komunikabidea: Guaixe

Tokia: Lakuntza

Mota: elkarrizketa

Data: 2019-01-18

Lotura: Guaixe

Sansaastin festak ospatuko dituzte asteburuan Lakuntzan, eta sainduaren egunean, igandean, kintoek Alkate dantza eginen dute

Adur Kanpo eta Leire Sagarzazu kintoak eta dantzariak dira eta dantza beste kintoei irakasten aritu dira

1. Kintoek Alkate dantza egiten duzue San Saasatin egunean. Zergatik?
Lakuntzan kintadak kintoen eta kinto gazteen artean ospatzen dira. Kintoei Lakuntzan galtzen ari zen dantza bat egitea eskatu zitzaien. Orduan, kintoek eta kinto gazteek San Saastin egunean eta Korpusean Alkate dantza dantzatzen dugu. 

2. Dantza berreskuratzeko modu bat izan zen, beraz. 
Bai. Lehen Alkate dantza egitea boluntarioa zen; gazteek dantzatzen zuten. Baina jendeari ez zitzaizkien euskal dantzak gustatzen edota pixkanaka ohitura galduz joan zen, eta duela hainbat urte alkate andere batek dantza taldeari eskatu zion dantza egitea. Beraz, diru-laguntza eskaini izen dantzatzearen truke. Baina dantza taldeak ezetz esan zuen haiek haien ikuskizunak prestatzen zituztelako. Orduan, kintoei eman zitzaien ardura hori. Kintadak ospatzen zituztenez, festetan eta Korpus egunean Alkate dantza dantzatu beharko zutela erabaki zuten. 

3. Noiz izan zen hori?
Leireren birraitona dantza erakusten hasi zen, baina ez dakigu zein urtetan izan zen. Baina aspaldi izan zen, datoeneko tradizio bat bihurtu da. 

4. Nondik dator dantzaren izena?
Kiosko azpian alkatea zinegotziekin batera jarzten da eta lehenengo kinto gazteetako mutil batek eta ondoren kintoetako beste batek eskaintzen die dantza. Bikoteka egiten den dantza bat da. Lehenengo dantzatzen dute bi mutilek, gero bi mutilek, bero neska eta mutil batek eta gore bikoteka. Bi dantza dira, jota eta porrusalda. Aurten hamasei bikote gara. 

5. Nola ikasi duzue dantza? Laguntza izan duzue?
Ahoz aho transmititzen da. Aurreko urteko kintoek kinto gazteei erakusten die, eta kinto gazte horiek hurrengo urtean kintoak izango dira eta, beraz, kinto gazteei erakutsiko die. Gure kasuan, dantza ikusten ikasi dugu eta dantzariak garenez dantza hori egiten badakigu. Beraz, besteei erakutsi diegu. Aurtengo kintadan nahiko dantzari gaude eta denei erakusteko antolatu gara. 

6. Zer suposatzen du zuentzat sansaastinetan, Lakuntzako egun berezian, dantza hau egitea?
Tradizioa denez garrantzitsua da kontzerbatzea. Berezia. Iaz kinto gazte ginenez dantzatu genuen eta esperientzia berria izan zen. Gu dantzariak gara eta ohituta gaude jendearen aurrean dantzatzen. Festetan jende asko etortzen da dantza taldea ikustera. Baina kintoak ikustera biltzen den jendea izugarria da. Jende asko egoten da. Plazako karpa beteta egoten da, dantzatzeko tokirik gabe ibiltzen gara. Gainera, jota eta porrusalda gurekin dantzatzera ere jende asko ateratzen da eta kalejira batekin bukatzen dugu. 

7. Nola janzten zarete?
Baserritarrez janzten gara. Mutilak baserritar arruntez: maoizko prakak, galtzerdi txuriak, abarka beltzak, alkandora txuria, koadrodun zapia eta txapel beltza. Neskak bakoitzak berea eramaten du eta normalean etxean eginak dira. 

8. Alkate dantza igandean, 19:00etan, izanen da. Larunbatean parranda egiteko aukera izanen duzue?
Parranda berdin izango da.

9. Nortzuk ospatzen dituzue aurten kintadak?
Lakuntzan kintoak urte horretan hemezortzi urte betetzen dituztenak dira. Aurten kintoak 2001. urtean jaiotakoak gara eta 2002an jaiotakoak kinto gazteak. 

10. Zenbat kinto zarete?
23 kinto inguru gara, eta kinto gazteekin batera 30 pasata. Hala ere, guztiek ez dute dantzatuko. Badira gazteak kintadak ospatzen dituztenak, baina igandean ez direnak egongo ez direlako hemen bizi. Baina kintadetan egongo dira.

11. Noiz ospatzen dituzue kintadak?
Martxoaren 4an eta 5ean. Inauterietan. Lehenengo egunean ateratzen gara goizean goiz dirua eske eta gero bazkari bat egiten dugu. Arratsaldean herrian zehar egoten gara eta gauean Tolosako inauterietara joaten gara. Bigarrenean egiten bazkariak eta afariak egiten ditugu.