Euskal Dantzarien Biltzarra
Euskal Dantzarien Biltzarra

Amasarrak gaztetzen dituen eguna

Egilea: Jon Miranda Labaien

Komunikabidea: ataria.eus

Tokia: Amasa

Mota: albistea

Data: 2018-11-08

Lotura: ataria.eus

50 gazte inguru bildu dira Amasan egun osoko festarako. Goizean, baserriz baserri, puska biltzen ibili dira bi taldeetan banatuta eta trikiti eta pandero doinuei segika dantzan ibili dira. Eguerdian Uxo-Toki elkartean egingo dute bazkaria eta plazan soka dantza eta aurreskua egingo dituzte arratsaldean.

 

Goizean goiz, 06:00etan, Amasa kafetegian bildu dira herriko gazteak eta elkarrekin gosaldu ondoren, 25 lagunez osatutako bi taldetan abiatu dira puska biltzera. Batzuk herriko goiko parteko baserriak zeharkatu dituzte, eta beste batzuk, berriz, behealdekoak. Etxafuegoen bitartez elkarrekin komunikatu dira goiz osoan zehar.

Aurten, 14 urterekin, bi gazte batu dira segiziora eta aurreko belaunaldietako ohitura berrituko dute: goizeko bueltaren ondoren, Uxo-Toki elkartean elkartuko dira bazkaltzeko eta 17:00etan soka dantza eta aurreskua eskainiko dituzte plazan. Ondoren, erromeria izango da trikitilariekin.

Txasko eta Debalde Lizarrako trikitilariak gonbidatu dituzte, gaur, Amasara. Aurretik, 2011n, egona zen soinu jotzailea sanmartinetan eta aurten, Iker panderojolea ondoan hartuta gerturatu da. Egun osorako lana izango dute, Iturri-goxo jatetxean egingo duten afariaren ondotik, festak luze joko baitu Amasako gazteentzat.