Euskal Dantzarien Biltzarra
Euskal Dantzarien Biltzarra

Baztandarren Biltzarrak Kaliforniako euskaldunen partaidetza zabala bilduko du datorren igandean Elizondon

Egilea: Euskal Kultura

Komunikabidea: euskalkultura.eus

Tokia: Elizondo

Mota: albistea

Data: 2019-07-19

Lotura: euskalkultura.eus

Elizondo, Nafarroa. Diasporako euskaldunek presentzia eta partaidetza nabaria izango dute helduden igandean Elizondoko karriketan ospatuko den Baztandarren Biltzarrean. Partaide zuzen Kalifornia osoko 42 euskal dantzari eta 10 musikari bilduko dira besta eta kabalkadara, eta heiekin batera ehun bat senide, diaspora kaliforniarreko euskaldunen ordezkari, gehienbat honako euskal etxeetatik etorriak: San Frantzisko, Bakersfield, Rocklin, Fresno eta Chino. Musikariak Estatu Batuetakoak eta Euskal Herrikoak izango dira.

Gogoratu duela 25 urte, 1994ko Baztandarren Biltzarren parte hartu zutela lehen aldikoz talde gisa Kaliforniako euskaldunek Baztandarren Biltzarrean. Urtero Diasporako euskaldun frango biltzen dira festara, baina aurten gisa ofizialean eta talde gisa parte hartzea deliberatu zuten. Izan ere, duela 25 urte gaztetxo zirela etorri izan zirenetako batzuk heien seme-alaba eta familiakoekin hartuko dute parte aurtengoan.

Dantzan.eus-etik gogora arazten digutenez, hona igande honetako egitaraua Elizondon:

-10:00etatik aurrera, goiz osoan artisauen erakusketa ikusgai Pedro Axular karrikan
-11:00etan herri bakoitzak prestatutako orga apainduen desfilea hasiko
-14:00etan Mutildantzak Elizondoko plazan eta ondotik herri bazkaria Merkatuko zelaian

Bazkalondoko animazioan, Baztango ioiak edo eztei-soinuak, Baztandarren Biltzarraren mezua, sari banaketa, animazioa eta dantzak izanen dituzte Merkatuko Plazan.