Euskal Dantzarien Biltzarra
Euskal Dantzarien Biltzarra

Baztango mutildantzetan emakumea ez baztertzeko eskatu dute hainbat eragilek

Egilea: Jon Torner Zabala

Komunikabidea: Argia

Tokia: Baztan

Mota: albistea

Data: 2018-10-25

Lotura: Argia

"Baztango Talde Feminista, Plazara Dantzara, Jo ala Jo, Baztandarren Biltzarra, Elizondoko herria eta Besta Batzordea eta Batzar Nagusiko zenbait kideren izenean, Baztango Mutildantzariak taldeari eskatu nahi diogu bazterketak egiteari uzteko, bai hemen, bai bertze edozein eremutan. Bazterketarik gabeko Baztan nahi dugulakoz".

Agerraldian azaldu dutenez, eragileok eskakizun zehatz bat dute egiteko: "Hementxe berean, gu gauden toki honetan, Baztandarren Biltzarrean eta Elizondoko bestetan egiten den dantza baztertzailearekin akitzea".

Gogorarazi dute hamarkadak pasatu direla emakumeek euren eskubideen defentsan Baztango Mutildantzetan parte hartzeko nahia azaldu zutenetik. "Bide luzea izan da eta denetarikoak izan dira emakumeak jasan ditugun erasoak, ahozkoak zein fisikoak. Ez da xamurra izan. Emakume bezala bestaz, dantzaz, plazaz eta tradizioez libreki eta nahi bezala gozatzeko eskubidea bermatu nahiak, antolatu eta borrokatzera eraman gaitu".

"Borroka luze honen ondorioz Mutildantza dantzatzen den herriko plaza publiko guztietan dantza parekidea izatea bermatu dugu", diote. Baina gaineratu dute emakumeen kontrako erasoak oraindik ematen ari direla.

Batzar Nagusia, emakumea baztertzearen aurka; Udala ordea...

Duela hilabete, mozio bat aurkeztu zuten Baztango Udaleko Osoko Bilkuran eta Batzar Nagusian, "Elizondoko elizaren eremuetan ematen den bazterketak eragiten duen kezkak" bultzatuta. Batzar Nagusiek onartu egin zuten emakumea baztertzearen kongrako mozioa; "zenbait alkate eta junterok eta EHBko hautetsiek erakutsi dutelakoz herritar guztiak ordezkatzen dituztela eta ez dutela bazterketarik onartuko".

Aldiz, Udaleko Osoko Bilkuran mozio hau ez zen aurrera atera Geroa Baik, Baztango Ezkerrak eta Baztan Auzolanean-ek kontra egin zutelako. "Zenbait ekitaldi instituzionaletan pankartan gibelean emakumeen indarkeria salatzen ikusten ditugunak, oraingo honetan bazterketa hau babestu dute", salatu dute eragileek.