Euskal Dantzarien Biltzarra
Euskal Dantzarien Biltzarra

Beasaingo Inauteri herrikoiak

27 ots 2019

Hona hemen Beasaingo Ostadar Dantza taldetik bidali diguten mezua:

"Azken asteetan iragarri dugun bezala, Inaute larunbatean (martxoak 2), urteroko dantza-desfile herrikoia eskainiko dugu Beasaingo kaleetan barrena. Urtero legez, Euskal Herriko hainbat lekutan egunotan ikus daitezkeen inauterietako dantzak eskainiko ditugu.

 

Ohi bezala, taldeko kideez gainera, musikari laguntzaileak zein taldeak antolatutako entseguetara azaldutako herritarrak irtengo dira. Dena den, dantza-desfile irekia izango denez, larunbatean bertan herritarrei dantzara irteteko deia luzatzen diegu elkarrekin inauteriak ospatzeko.

Horren aitzakian, egun osoko festa-egitaraua prestatu dugu. Goizean, 10:30ean irtengo gara gure egoitzatik (Oriamendi 10, Beasain) eta herriko kaleetan zehar ibiliko gara 14:00ak bitartean. Eguraldi txarra egingo balu, berriz, desfilea Gernika Pasealekuko frontoian eta Loinazko San Martin plaza azpian egingo da.

Arratsaldean, festak jarraipena izango du, izan ere, 19:30ean, Jone eta Julene erromeria-taldeak emanaldia eskainiko duelako Loinazko San Martin plaza azpian."