Euskal Dantzarien Biltzarra
Euskal Dantzarien Biltzarra

Bi dantzaldi gidatu izango dira Erromeria Egunean

Egilea: Nagore Belastegi

Komunikabidea: Naiz.eus

Tokia: Errenteria

Mota: albistea

Data: 2019-07-09

Lotura: Naiz.eus

Errenteriak Erromeria Eguna ospatuko du larunbatean, Ereintza dantza taldearen ekimenez. Herritar guztiak dantzan jarri nahi ditu eta, horretarako, goizez eta arratsaldez dantzaldi gidatuak programatu dituzte modalitate horretan aitzindari diren talde Patxi eta Konpainia eta Aiko-rekin. Ohiko diana eta bazkaria ere egingo dituzte.

 

Errenteriako Ereintza dantza taldeak urtero antolatzen duen Erromeria Eguna larunbatean, hilaren 13an, ospatuko dute. Aurtengoa XXI. edizioa izango da, iazko XX. urteurreneko festaren ostekoa; azken hori berezia izan zen eta sekulako arrakasta izan zuenez, herritarrek halakoak gehiagotan antolatzea eskatu diete. Alta, ekonomikoki halako festa handia egitea ezinezkoa zaienez, aurten xumeagoa izango da. Hitzeman dute, ordea, beste urte batean berriro festa berezia egingo dutela.

Hala ere, herritarrentzat festa kuttuna denez –Madalenen aurretiko ospakizuna delako–, XXI. edizioa ere handia izango da, «egun polita» antolatzaileen esanetan. Atzoko aurkezpenean Ereintza dantza taldeko kide Juantxo Mayak eskerrak eman nahi izan zizkien udalari eta babesleei emandako laguntza ekonomikoagatik, baina baita herriko taberna eta saltokiei ere euren laguntzarik gabe festak aurrera egitea ezinezkoa litzatekeelako. «Txalo bat beraientzat, benetan», adierazi zuen.

Aurtengo festa, beraz, larunbatean izango da, eta 10.45ean hasiko da dianarekin. Bertan parte hartuko dute Txorimaloak taldeko eta Errenteria Musikaleko trikitilariek, Errenteriako Gaiteroek eta Escola de Gaitas Triskele galiziarrek, Oarsoaldeko txistulariek, Zubietako joaldunek eta Hendaiako Mutxiko elkarteak.

Ordu berean jokatuko da VIII. Errenteriako bola-joko sariketa handia Foru plazan, Niessen elkarteak antolatuta. Ondoren, 11.30ean, hamaiketakoa egingo dute Koldo Mitxelena plazan, berriro kalera dantzara ateratzeko, kalejiran.

13.00etan, Aiko taldeak dantzaldi gidatua eskainiko du Zumardian, ordu eta erdiko emanaldian, eta ondoren, 14.30ean, herri bazkaria izango da Merkatuzarren –lehen aldiz egingo dute leku honetan–. Intxaurrondoko Lagunak elkarteak prestatutako bazkarira joateko txartelak oraindik salgai daude, 15 euroan, Ereintza elkartean, Arkaitza tabernan eta Paki Dietetika zentroan. Menua honakoa izango da: Zaporeak entsalada, piper beteak pikillo saltsan, ukondoa patata-purearekin, izozkia, kafea eta edaria.

Bazkarian 400 lagun inguru elkartu ohi dira, dantzariak, Ereintzaren ikastaroetara joaten diren ikasleak eta nahi duten herritar guztiak barne. Hori dela eta, bazkalostean giro polita sortzen da, bazkarira biltzen direnek soilik gozatzen dutena.

Arratsalderako plana

18.00etan hasiko da erromeria, eta antolatzaileek herriko zein inguruko herrietako bizilagunak bertaratzera animatzen dituzte. Patxi eta Konpainia taldeak dantzaldi gidatua egingo du Zumardian.

Patxi eta Konpainia eta Aiko taldeak dantzaldi gidatuetan aitzindariak dira, modalitate honi sustapena eman diote eta horregatik biak Erromeria Egunean izatearekin pozik daude antolatzaileak.

Bestalde, argitu zuten urtero Erromeria Eguneko biharamunean egiten dutela Errenteria Dantzan jaialdia, baina aurten astebete atzeratu dutela eta uztailaren 19an izango dela. Oraingoan Armeniako talde bat ekarriko dute gonbidatu gisa, eta herrialde horretatik pasatu izan diren kultura desberdinetan oinarritutako dantzak eskainiko dituzte; gizonek egindako dantzek akrobazia ugari dituzte eta emakumeek dantzatzen dituztenak, berriz, lasaiagoak dira.

Ereintzak, berriz, Eltziegoko, Gipuzkoako eta Bizkaiko dantza tradizionalak dantzatuko dituztela iragarri du. Emanaldia 19.00etan hasiko da Niessenen, baina aurretik desfilea egingo dute herrian zehar.