Euskal Dantzarien Biltzarra
Euskal Dantzarien Biltzarra

'Dantza' filma emango dute egunotan Oñatin eta Aretxabaletan

Egilea: Mirari Altube

Komunikabidea: goiena.eus

Tokia: Debagoiena

Mota: albistea

Data: 2019-01-02

Lotura: goiena.eus

Telmo Esnal zarauztarrak zuzendutako Dantza filma iritsiko da aste bukaeran, Debagoienera. Urtarrilaren 4an, egubakoitzean, hasita hainbat emanaldi izango dira Oñatin eta Aretxabaletan datozen egunetan.

Abenduaren 21ean estreinatu zen filma, eta ordutik, harrera beroa jaso du ikusleen aldetik. Debagoiendarrek ere izango dute hori ikusteko aukera egubakoitzetik. Hona hemen egunak eta orduak:

Oñati:

Urtarrilak 4 (22:30), 5 (22:30), 6 (19:30 eta 22:30) eta 7 (19:30).

Aretxabaleta:

Urtarrilak 4 (22:00), 6 (19:30), 7 (16:00), 12 (22:00) eta 14 (16:00).

Bestetik, Arrasateko Amaia Antzokira ere iritsiko dela hilabete bukaeran adierazi dute Kultura Saileko kideek; 26an, 27an eta 28an emango dute.

Kontakizunaren hizkuntza dantza denean

Esnalen fikziozko hirugarren filma da, eta oraingoan, bizitzaren zikloaren gaineko istorioa jaso du. Denboraren iragatea naturaren ibilbideak markatuko du eta dantza da hori kontatzeko hautatu duen hizkuntza. Tradizioari, lurrari, mitoei, usadioei eta bertako jendeari egindako kantu poetikoa da. Txintxua Filmsek produzituta, estetika eta ikus-entzunezko kontuen ardura Koldobika Jauregi artistak izan du eta koreografiak koordinatu ditu Juan Antonio Urbeltz ikertzaile eta folklore kontuetan adituak.