Euskal Dantzarien Biltzarra
Euskal Dantzarien Biltzarra

Dantza historiarako altxor bat

Egilea: Iparraldeko HITZA

Komunikabidea: Iparraldeko HITZA

Tokia: Biarritz

Mota: albistea

Data: 2019-01-18

Lotura: Iparraldeko HITZA

Interneteko linboetan aurkitu 1934ko dantza bideo bat argitaratu du ‘dantzan.eus’ atariak. Biarritzeko Euskal Jaietako filmak anitz kontatzen du orduko dantza moldeez

Irakurle batek jakinarazi zien dantzan.eus atariko lagunei bideo horren berri. Moving Image Research Collections Interneteko irudi biltegian kausitua zuen. 1934ko irailaren 9ko Euskal Jai egun bat da, Biarritzeko Agilera kirol zelaian iragan zena. Bizkaia Berriz eta Garaiko, Baxenabarre Garaziko, Iruñeko eta Zuberoako dantzariak agertzen dira.

Oier Araolaza dantzari, ikerlari eta dantzan.eus atariko koordinatzaileak aztertu du bideoa lagunekin, egun hartako kronika agertu zuen La Gazette de Bayonne aldizkariko testua baliatuz besteak beste. Ikusiz egun hori noiz, zer lekutan eta itxuratan gertatu zen, pentsa daiteke geroan ere biderkatuko diren udatiarrendako muntatu emanaldia zela. Aitzinagoko garaiekin ere ikusten du lotura Araolazak: “Lotura badago aurretik bazetorren euskal munduaren ikuspegi tradizionalista edo erromantikoarekin. Donibane Lohizunen, XIX. mende bukaeran egin ziren Euskal tradizioaren festak. Aurretik Abadiak sustatu Euskal Jaiekin bazeuden lotuak hauek ere”. Biarritzekoak bietarik baluke: “Ez dira beti zertan turismoari begira eginak, baina argi dago Biarritzeko horretan badaukala garrantzia; Donostian egiten ziren beste zenbaitetan bezala. Baina badago euskal munduari begirada bat: desagertzen, galtzen edo aldatzen ari den mundu horri begirada erromantiko bat”.

Araberako herrialde edo eskualdeko dantzari hautatuz egin taldeak direla ere pentsa daiteke. Denbora haietan halako usaia bat hedatua baitzen: “Ohiko taldeak dira. 1920ko hamarkadan adibidez, errepertorio edo dantzakera berdintsuko dantzariak izan ziren Londresen, Bartzelonan, Parisen, Madrilen eta Euskal Herriko hainbat tokitan. Durangaldean dantzari dantza horien barruan izarra izan ziren Berrizko dantzariak. XIX. mende bukaeran Donibane Lohizuneko hartan, berriztarrak izan ziren”. Bizkaitarrentzat bezala, agertzen diren Zuberoako aitzindariak ez dira denak herri berekoak. Dantzan.eus-ekoek, orduko Basabürüko dantzari ezagunak ezagutu dituzte filmean: “Atharratzekoek bazuten izen bat garai hartan, eta hemen, atharraztar batzuk ere badira tartean”. Garaziko dantzarien osaketan, Bentaberriren itzala usna daiteke: “Garaztarrak, luzaidarrak maiz aipatu izan dira, baina nahasian aritzen ziren, Faustin Bentaberriren esanean edo bestela. Izpurako bezala aritzen zen Bentaberri, baina, Luzaide, Garaziko dantzari onenetakoekin lan egiteko ohitura zuen eta taldetxo bat osatzen zuen”. Funtsean, Eibarko dantzariak dio gauzen are gehiago barnatu eta argitzeko baliatu nahi dutela bideo horren zabaltzea. Zerbait ezagun edo ohargarri hautemanen duen bakoitzak horren berri eman dakien: “Izan daiteke dakienak begiratu eta identifikatzea hau donibandarra, Uhartekoa, Luzaidekoa edo izpurarra zen”.

Agertzen diren Iruñeko taldekoak ere ohargarriak zaizkio Araolazari: “Berezia da Iruñeko taldea. Batetik, badira Sanferminetan ateratzen diren erraldoiak. Ez zen ohikoa Iruñetik kanpo izatea; oso gutxitan atera dira. Ziur aski hau da haietaz Iruñetik kanpo dagoen film irudi zaharrena. Bestetik, badago talde bat hor, Zaldiko-Maldiko bezala aipatzen dena, ondotik sortuko den Muthiko Alaiak talde garrantzitsuaren aurrekari izan zena”.

Bakoitza bere gisa
Dantzari talde guziek agertzen dituzten dantza moldeen azterketak gauza franko interesgarria erakusten du: eremu bertsuko dantzari batetik bestera dantzatzeko molde desberdina eta libreagoa agertzen dutela. “Batzuetan, urteekin egiten dugu historiaren ibilbide oso lineala, lerro bakarretik izango balitz bezala. Baina, gaur eguna anitza den bezala, iragana ere hala izan da. Horrelakoetan badaude gauza politak ohartarazteko: oro har film zaharretan dantzarien artean izaten den aniztasuna; ez dela modu bakarra gauzak egiteko. Gaurko dantza ikuspegian, dantza taldeen, batasun, homogeneitate askoz handiagoa izaten da garai batekoetan baino, non bakoitzak bere etxe, auzo, kartier edo herri dantza maisuaren airea jasotzen zuen eta aldameneko etxeko mutikoarenetik bereizi zezakeen”.

Arras argi da Zuberoako aitzindarietan, Agilerako kirol zelaiaren itzulia egiten dutelarik dantzari guziek martxan. Kantiniersaren inguratzeko molde guziz libretik beretik: “Segundo gutxi dira, eta barrikadako bide horretan, karrikarako egiten diren mugimendu horiek, ikusten da nork bere erara egiten dituela; ez dagoela eredu bakar bat, ez itxi bat”.

Garaziko dantzariei xeheki so egitean, konparazione, zerbait bada guziz ohargarria: antrexatak zango-sagarretan jotzen dituztela eta ez aztaletan, berantago hedatuko den gisan. Gehiago dena, bi gorriek urratsak bakunarekin bukatzen dituzte zuberotarren moldean. “Horretarako polita da. Bageneukan ikuspegi bat garai hartan antrexatak nola izan beharko liratekeen pentsatzen genuena, eta ikusten dugu hor ez datorrela bat ikuspegi horrekin. Polita da, apurtzen baitu ikuspegi itxi hori”.

Bizkaiko bi auzo herriek ez dute ezeztatzen joera: “Oso bitxia da, Berriz eta Garai elkarrengandik oso gertu dauden herriak izateaz gainera, urte askotan elkarrekin dantzatuak izan baitira, dantza maisu berarekin, eta filmean ikusten dira bi dantza eredu nahiko desberdinak. Gaur egun esango genuke ez dagoela horrenbeste bereizketarik Berriz eta Garairen artean, edo ia-ia berdin dantzatzen dela bietan”.

Zerk egin du, beraz, mota bakarreko molde finkoen transmititzera iragateko jaidura? “Garai batean askoz ere eragin gutxiago zituzten koreografikoki; dantza eredu gutxiago ikusten zituzten. Beraiena eraldatua sentitzeko eragin gutxiago. Orain, ikus-entzunezkoen gizarte batean bizi gara, eta, beraz, aukera badaukagu ikusteko aurtengoa, iazkoa, orain dela hamar urtekoa, edo berdin ehun urteko bideoak eta dantzakerak. Orduan, bai irautearen bai aldaketaren kontzientzia askoz ere handiagoa da”. Horrek, kordoka jartzeraino tradizioak duen aldatzeko gaitasun etengabea: “Ez duzunean aukerarik ikusteko iaz nola egin zenuen, zure oroimenaz fio zara eta oroimenak beti traizio egiten du; eta hori oso polita da. Maiz esaten dut ikus-entzunezkoekin tradizioaren aldakortasun ohikoa eteteko arriskua dagoela”. Araolazak dio badela ere gerta daitezkeen aldaketen kontzientzia hartzea: “Lehen, akaso, ez zen hain garbia aldatzen ari zirela gauzak eta orain badago; eta horren aurrean erresistentzia bat sortzen da, logikoa dena. Ez dituzunean ongi kontrolatzen, edo aldagai guztiak ez badira zure esku, beldurra ematen dizu aldatuko den zerbaitek sustantzia bera galaraziko duen”.

Eta azken urteetan gehitu zaio sorkuntza edo berrikuntza deitzen direnen alderako tira: “Badago orain borondatezko aldaketarena oso-oso indartsua dena. Oraingo joera nagusia ez da horrenbeste eustearena, baizik eta aldatu, aldatu, aldatu; berria egin edo sortu. Orduan, gizartearen eta dantzaren aldatzearen aldeko jarrera horren aurrean tradizioari atxikiak zaizkion apurrak askoz ere kontserbadoreagoak dira, zentzu horretan”.

Azken gauza —arras munta handikoa dena 1934ko bideoan—, irudiek berekin soinua badutela grabaturik, beraz egun hartako soinulariek jo musika. Dantzan ez bezala, Araolazak ez du aldaketa handirik entzun orduan baliatu musiken eta orain erabiltzen direnen artean.