Euskal Dantzarien Biltzarra
Euskal Dantzarien Biltzarra

Dantza ikuskizun batekin hasiko ditu Besaide Dantza Taldeak 50. urteurrenaren ospakizunak

Egilea: Joseba Gorostiza

Komunikabidea: Durangon.com

Tokia: Elorrio

Mota: albistea

Data: 2018-05-02

Lotura: Durangon.com

Elorrioko Besaide Dantza Taldeak 50. urteurrena ospatuko du maiatzean zehar eta horren inguruan hilabetean zehar burutuko diren hainbat ekitaldi prestatu dituzte. Lehena, Donostiako Goizaldi Dantza Taldeak zapatuan eskainiko duen ikuskizuna.

Dantza konpainia donostiarrak Arriola Antzokian arratsaldeko 18:00etatik aurrera eskainiko duen agerraldia, Euskal Herriko folkloreko zenbait piezarekin osatuko da. Goizaldi taldea ibilbide luzekoa da, lehen agerraldia 1948ko apirilaren 25an egin baitzuen Kandido Pujana irakaslearen ekimenez. Gaur egun duen izena, hala ere, 1951ean ipini zioten.

Goizaldiko dantzariek hainbat agerraldi eskaini dituzte atzerrian urte hauetan. 1948an Paben egindako lehenengo saioaren ostean, hainbat saio eman ditu Frantzian zein Erresuma Batuan, Italian, Alemanian, Espainian, Laponian zein Europako beste herrialde batzuetan, baita Estatu Batuetan eta Argentinan.

Besaide taldearen 50. urteurrenaren inguruko bigarren ekitaldia maiatzaren 12an izango da, eguerdiko 12:30etatik aurrera dantza tailerrak eta EME-Elorrioko Merkatarien Elkarteak antolatutako azoka egongo baitira Herriko plazan. Arratsaldean berriz, 19:00etatik aurrera, Patxi Montero dantza irakasleak eta Elorrion dituen dantza ikasleek eskainitako plaza-dantzen saioa egongo da.

Hurrengo zapatuan, hilak 19, Besaide Dantza Taldearen argazki zaharren erakusketa jarriko da Herriko plazan.

50. urteurrena ospatzeko antolatutako jaia berriz, maiatzaren 26an izango da. Goizeko 11:00etan hasita gaur egungo eta aspaldiko dantzarien kalejira abiatuko da eta jarraian taldeko sortzaile eta bultzatzaileei egindako omenaldia eta dantza agerraldia hasiko dira.

Eguerdian, trikipoteoa eta bazkaria egongo dira. Arratsaldeko 18:00etan Alaiki taldeak girotutako erromeriarekin osotuko dira urteurrenaren ospakizunak. Bazkarian egon nahi duenak, barikuero kontzejupean 15 euroren truke salgai dauden tiketak erosi behar ditu.