Euskal Dantzarien Biltzarra
Euskal Dantzarien Biltzarra

Elkarri batuta dantzan

Egilea: Iker Tubia

Komunikabidea: Berria

Tokia: Iruña

Mota: albistea

Data: 2019-09-08

Lotura: Berria

Batasunaren Pribilegioaren eguna ospatzeko udalbatza, dantzariak, Pamplonesa eta erraldoiak aterako dira Iruñeko kaleetara arratsaldean. Erdi Aroko azoka ere izanen da
 
 Elkarri eskutik helduta. Hala irudikatuko dute duela 596 urte Iruñeko hiru burguek bat egin zutela hiri bakar izateko. Duguna taldeko dantzariak arduratuko dira metaforaz. Gainerakoan, erraldoiak, Pamplonesa banda eta udalbatza ariko dira, besta handiek merezi dutenez. Gaurko egunez sinatu zen Batasunaren Pribilegioaren ituna 1423. urtean, eta Alde Zaharrean eginen dute ospakizuna.

Erraldoi eta buruhandiak 17:00etan aterako dira autobus geltokitik. Hirian barrena ibiliko dira dantzan, segizioarekin bat egin arte. Udalbatza, Pamplonesa, udal txistulari eta gaiteroak eta dantzariak kalejiran abiatuko dira Udaletxe plazatik, eta hiru burguetan barrena ibiliko dira: San Zerninen, Nabarrerian eta San Saturninon. 18:30 aldera katedralean geldiunea eginen dute Karlos III.ari lore eskaintza egiteko. Ekitaldi instituzionala Dugunakoen soka-dantzarekin bukatuko da, Udaletxe plazan. Eguna biribiltzeko, Pamplonesa musika bandak kontzertua emango du, 20:00etan, Gazteluko plazan.

Hori ez ezik, Erdi Aroko azoka ere izanen da egun osoz. Alde Zaharreko karriketan ehun saltoki inguru izanen dira, elikagaiak eta eskuz egindako produktuak saltzen. Musika eta antzerki saioak izanen dira inguru horietan, baita haurrentzako jokoak eta antzinako lanbideen erakustaldiak ere.

Batasunaren Pribilegioaren Eguna



Gaur, egun osoz, Iruñeko Alde Zaharrean.