Euskal Dantzarien Biltzarra
Euskal Dantzarien Biltzarra

Emakumeak Adunako Axeri-dantzan, lehen aldiz

Egilea: Mikel Iraola

Komunikabidea: ataria.eus

Tokia: Aduna

Mota: albistea

Data: 2018-08-15

Lotura: ataria.eus

Emakumeek lehen aldiz dantzatu dute Adunako Axeri-dantzan. Hiru izan dira estreinakoz aritu diren emakumezko dantzariak. Iagoba Iturtzaeta eta Eli Larrañaga ere omendu dituzte.

 

Beste urrats bat jai parekideak lortzeko bidean. Emakumeek lehen aldiz egin dute dantza Adunako Axeri-dantzan. 1980. urtean egiten hasi zirenetik, gizonezkoek parte hartu izan dute soilik, eta aurten hiru izan dira lehenengoz parte hartu duten emakumeak: Leire Aburuza, Ainara Iturriotz eta Naiara Artola.

Ilusioz eta pozez beteriko estreinaldia izan da, eta «uste baino errazagoa» izan dela aitortu dute emanaldiaren amaieran: «Gogorragoa izango zela uste genuen, baina oso ondo moldatu gara eta pozik gaude».

Badu berezitik Adunako Axeri-dantzak. Aurten, gainera, arrazoi bikoitzagatik are bereziagoa izan da. Aipatutako emakumeen lehen parte hartzeaz gain, Iagoba Iturtzaeta billabonatarra eta Eli Larrañaga zizurkildarra omendu dituzte.

Iturtzaeta Axeri-dantzako beteranoenetako bat da. 1980ko estreinaldian parte hartu zuen, eta ordutik ez du hutsik egin, atabala joaz. Argazki zaharrekin osatutako koadro bat oparitu diote, tartean lehen emanaldiko hura.

Eli Larrañaga dantza irakasleari, berriz, haurrekin egiten duen lana eskertu nahi izan diote herritarrek, Axeri-dantzaren aurretik haurren eskainitako emanaldiaren ondoren. «Jarraitu horrela nahi bezain beste urte, guk beso zabalik hartuko zaituztegu-eta», esan diete amaieran.