Euskal Dantzarien Biltzarra
Euskal Dantzarien Biltzarra

Erromeria egun borobila izateko osagai guztiekin, goraino bete da San Martzial

Egilea: Xabi Gorostidi

Komunikabidea: Goiena.eus

Tokia: Bergara

Mota: albistea

Data: 2019-07-01

Lotura: Goiena.eus

Bergararrentzako egun kuttuna izan ohi dela jakina da, eta gaurkoan San Martzialek zuen itxura ikustea nahikoa da hori baieztatzeko. Kanpaiek 12:00ak jo orduko Lizaso eta Arzallus bertsolariak lanean hasi dira eta ostean dantzek hartu dute protagonismoa. Eguraldiak bete-betean lagundu du gaurkoan, eta bergararrek bikain aprobetxatu dute. 

Kuadrillak, familiak, barbakoak, paellak, txistor errea, garagardoa, ardoa, sagardoa, ura –ez hainbeste–, haurren ur-pistolak ... guzti horiek ikusi ahal izan dira gaur eguerdian goraino bete den San Martzialen; baina, batez ere, giro aparta, eta lagunartean ondo pasatzeko gogoa izan dira nagusi.

Dantzei dagokionez hainbat kontu zeuden gaurkoan aipatzeko. Aurten, adibidez, atzeskua eta aurreskua dantzatzen bi emakume egon dira lehendabizikoz; Saioa Galarraga eta Mariñe Diaz. Biek ala biek dantza egin diete dantzari izandako euren amei; Izaskun Pardinari, eta Agurne Arizmendiri, hurrenez hurren. Horrez gain, Gorka Artola alkate izendatu berriak lehen aldiz hartu du parte udalbatzako ordezkarien dantzan. Harekin batera aritu dira Nagore Iñurrategi eta Aitor Aranzabal zinegotziak ere. Ederto aritu dira dantzan Bergarako Txistulari Bandaren soinuari jarraiki eta, ostean, plazan, herritarrak batera, Zumarragako trikitilarien musika paregabearen erritmora; amaieran, dantza soltea ere egin dute, dultzaineroekin.

Aipagarria ere 47ak Herrian ekimena babesteko ateratako argazki erraldoia. Ehunka lagun belardi erdian jarri dira, arraunlariak balira legez, eta Gure Artera dinamikaren deiak erantzun zabala izan du.