Euskal Dantzarien Biltzarra
Euskal Dantzarien Biltzarra

Eta orain, 51.aren bila

Egilea: Iñigo Gonzalez

Komunikabidea: Txintxarri.eus

Tokia: Lasarte-Oria

Mota: albistea

Data: 2018-10-21

Lotura: Txintxarri.eus

50. urteurreneko azken ospakizun ekintzak egin ditu Erketz EDTk asteburuan. Larunbatean, desfilea eta dantza emanaldi sorta; igandean, bazkaria eta erromeria.
 
Ez dute berehalakoan ahaztuko 2018a Erketz EDTko kideek. Urrezko ezteiak ospatu dituzte hilabeteotan: asteburuan egin dituzte azkeneko ekintzak. Atzo, desfilea herrian barrena eta emanaldia Okendo plazan; gaur, bazkaria eta erromeria, Michelingo frontoian. 50 urteotan dantza taldeko kide izandako hainbat herritar elkartu dira bi egunetan. Atzoko ekitaldietan 200 pertsona inguruk parte hartu zuten. Denek jarri dute hondar aletxoa honaino iristeko.

Garaikoetxea-Landaberri ikastolan ez zen ia inor gehiago kabitzen atzo arratsaldeko bostetan. Bertan elkartu ziren desfileko parte-hartzaileak. Lerro luzea osatu aurretik, talde argazkiak atera zituzten eskolako patioan. Musikariak instrumentuak jotzen hasi eta berehala hasi ziren ibiltzen: ikastetxetik atera, Kale Nagusia zeharkatu, Ola Kalean eskuinera hartu ibaitik joateko, Hipodromo Etorbidea gero, Pablo Mutiozabal kalea, Geltoki, eta Okendo plaza. Ordubete inguru behar izan zuten ibilbidea osatzeko. Hainbat herritar atera ziren kalera dantzariak eta euren jantziak ikustera. Balkoietara ere atera ziren asko.

Okendo plaza ere mukuru zegoen, dantzarien emanaldia ikusteko. Ohi bezala, agurra dantzatu zuen emakume dantzari talde gazte batek. Ondoren, harrobikoen txanda: Baztango esku-dantza, Mahai gainekoa eta Txulalai plazaratu zituzten Erketz Txikiko neska-mutilek. Helduak itzuli ziren ondoren plazako eszenatoki inprobisatura. Egitaraua: Gipuzkoako alpargata eta brokel dantza, Behe Nafarroako ingurutxoa, Jaurrieta, Eltziego, Tttun-Ttun, Leitzako ingurutxoa, Lapurdi eta Gasteiz. Bi ordu pasatxoko emanaldia eta gero dantzariek indarrak zituzten oraindik; arin-arina, fandangoa eta kalejira dantzatu zituzten. Hainbat ikus-entzule ere animatu ziren plaza erdira irtetera.

Atzo erabilitako indarrak gaur hartu dituzte, Michelinen egin duten bazkarian. Dantzarik gabekoa ezin zuen izan egunak, eta erromeria egin dute arratsaldean.