Euskal Dantzarien Biltzarra
Euskal Dantzarien Biltzarra

Etxezainaren dantza

Egilea: June Romatet

Komunikabidea: Berria

Tokia: Lekeitio

Mota: albistea

Data: 2019-06-29

Lotura: Berria

Tradizioarekin jarraitzeko, kaxarranka dantzatuko du gaur Asier Uskolak Lekeition. San Pedroren irudiarekin, kilin-kala egingo dute
 
 Urtero bezala, kaxarranka dantza egingo dute gaur Lekeition, San Pedro egunean. XV. mendetik datorren dantza da, eta kofradiako dokumentuak etxezain zaharraren etxetik berrira eramatearen zeremonia irudikatzen dute. Azken urteetan bezala, Asier Uskola izango da dantzaria, eta meza nagusiaren ondoren dantzatuko du kaxarranka.

Hamaseigarrenez dantzatuko da Uskola. Aurreko dantzaria 34 urtez dantzatu ondoren, 2003. urtean pasatu baitzion lekukoa. XVII. mendeko kaxa baten gainean egiten du dantza, eta kaxari zortzi marinelek heltzen diote.

Goizean goiz hasiko da ospakizuna. Tradizioak aginduta, zazpietan hasten dira, lehen marinelak itsasoratzen zirenean bezala. Geroago, 10:30ean, meza nagusia egiten dute, eta bukatutakoan, kilin-kala egiten dute. Kaxarrankarekin batera eramaten dute santuaren irudia, eta portura heltzean, kilin-kala eginez San Pedro itsasora gerturatzen dute. Bidean dantzatzen dute kaxarranka, eta emakumeek eguzki dantza eginez bukatzen da.

Uskolak esan duenez, pausoak jadanik ikasiak ditu, baina egun horretarako prestatzeko errepasatu behar izaten ditu. Beste alde batetik, txistulariekin entseatu behar izaten du erritmoa lantzeko. Azkenik, kaxarekin ere entseatzen du, oreka lantzeko eta lekua ondo hartzeko. «Lehen, gehiago entseatzen nuen; orain, urtean egiten ditugu beste irteera batzuk, eta eguna heldu baino lehen, pixka bat entseatzen dugu», aitortu du dantzariak.

Dantzariak erabiltzen duen arropa ez da hasiera batean erabiltzen zutena, XVII. mendean San Pedroren antzera janzten baitzen, eta horrek istiluak sortu baitzituen. Orain, galtza zuriak alkandora zuria, frak beltza, zapi gorria lepoan eta krabelin gorri bat janzten ditu. Horrez gain, eskuin eskuan San Pedroren bereizgarriak dituen bandera bat eramaten du, eta ezkerrekoan xistera beltz bat.

Zeremonia portuan hasten da, eta, dantzariak esan duenez, «herritarrentzat tradizio hau berezia da, eta jende asko gerturatzen da». Lehenik, San Pedroren arkuaren azpian dantzatzen da kaxa gainean. Gero, kalean zehar ibiltzen dira Kofradiako lehendakariaren etxe aurrera iritsi arte. Hor dantzatu ondoren, udaletxe aurrean dantzatuz bukatzen da.

Kaxarranka XV. mendetik dator. Garai horretan, kofradeek bi etxezain hautatzen zituzten, eta urteko irabaziak zaintzeaz eta banatzeaz arduratzen ziren. Kofradiako dokumentu eta irabaziak kaxa batean gordetzen zituzten, eta ekainaren 30ean, kaxa lehen etxezainak bigarrenari ematen zion, orain egiten den zeremonia antzeko bat eginez.

Horrez gain, bihar San Pedro Txikia ospatuko dute. 11:30ean erraldoi eta buruhandiekin hasiko dute eguna eta 23:00etan kalejira batekin amaituko dute. Egun osoan ospatuko dute jaia.

Kaxarranka



Gaur, goizean, Lekeition (Bizkaia).