Euskal Dantzarien Biltzarra
Euskal Dantzarien Biltzarra

Euriak bahitu ditu bestak

Egilea: Ainize Madariaga

Komunikabidea: Berria

Tokia: Baiona

Mota: albistea

Data: 2019-07-28

Lotura: Berria

Euria protagonista izan da Baionako besten azken-aurreko egunean. Animazio franko bertan behera utzi behar izan dituzte, hala nola Karrikaldia. Jende gutiago ibili bada ere, giro beroak leialki bete du bere betebeharra .
 
 Euria jautsi ahala, berak zuen atzoko eguneko protagonismo osoa ebatsi. Baionako bestetako tradizioen egunak euri mitikoak urperatu zuen. Zuri-gorriz beztiturik, jendea lasterka putzuak saihestu nahian eta etxeen teilapeetara tinkatuz, den mendren bat idor mantentzeko, txosnak ere jende-meta-leku bilakatuak ziren. Xiren ortzadar dantza koloretsua. Umorea, hala ere, ona. Elkartasuna nabari zen hezetasunean, jendea elkarri begira, aroak atsekabeturik.

Baionako besten larunbata euriak irentsi zuen, eta bertan behera utzi behar izan zituzten Jacques Portes plazako arratsalde osoko Karrikaldia, Frantziako armadako marineen infanteriako paraxutisten lehen erregimeneko saltoa, 22:00etan abiatzekoa zen gurdi argitsuen desfilea, behien lasterketak eta zezenketa. Plazan zira saltzaileen besta.

Jacques Portes plaza eraberritua ez zuen euriak baizik betetzen, Baionako ikastolek kartsuki eutsi zioten beraien postuari: ostatua eta taloak saldu baitituzte ateri une bakoitzean. Plaza besoak kargaturik zeharkatu zuen Nora Arbelbidek ikastolako gurasoak: «Nago ez ote dugun zerratuko».

Karrikaldi: haritik sokara

Parean, uroski Gurutze Gorriaren egoitzak denboraletik salbatzen zituen dantzariak, musikariak eta kantariak. Handik lerroan atera ziren Leinuako dantzari gazteak, burumakur, besoak dantza jantziez zamaturik. Dantzarien tartean zebilen Xabi Labescau lehendakaria: «25 neska eta zortzi mutiko. Zuberotar dantzekin hasi gara, eta gabota eta godalet dantzaren hirugarren pertsonaian euria turrustan hasi eta utzi behar izan dugu, zinez domaia da! Ortzegunetik ari du». Dantzazpi ematen ere entseatu dira, baina, eguraldia ez zen urrikaldu, eta bere horretan segitu zuen ekitaldiari poxelu eginez.

Urteak daramatzate Karrikaldia ekitaldiarekin Baionako bestetan, Gillaume Irigoien Karrikaldiaren sortzaileetarik batek azaldu duenez: «Herri kulturaren tresna batzuk sortzen hasi ginen duela 30 bat urte: Dantzazpi. Mutxikoak denek dantzatzen bultzatzeko zen, zeren eta, orduan, ez baitzituzten dantza taldeek baizik ematen. Geroztik hedatu da. Gero Baiona Kantuz sortu zen ikastolatik. Duela hamalau urte, Montaut ttipi egin zitzaigun, eta plaza honetara jautsi ginen». Eta gehitu du Irigoienek: «Libre naiz?», umoretsu, salto batez esperoan zituen taldekideengana abiatuz.

Bi zati ditu beti Karrikaldiaren egitarauak: batetik, ikusi eta entzuteko, eta, bestetik, praktikatzeko. Lehenean, dantza ikusgarria eta kontzertua dira plaza andere, erran nahi baitu, publikoa pasibo egoten dela. Bigarrenean, berriz, nornahik parte har lezake, publikoa aktibo bilakatuz.

«Karrikaldia? Bustialdia, bai!», bota du umorez Libe Goñi Garatek. Ziratik tiraka hor du biloba: «Amona, dantzatuko gara?», baina ahizpa kopetilun da, etxera sartu nahi du ortziaren ilunak uxaturik: mutxikoak ez baitira inoiz abiatzen. «Ni beti hona nator, giro euskalduna da, jatorra eta atsegina. Nork erranen zukeen duela 50 urte, egun horrelako girorik atzemanen genuenik? Orduan, ez zegoen fitsik!» oroitu da Goñi Garate. Gehitu du, «lau katuk» abiatu zutela Baionako bestetan mutxikoak ordubetez dantzatzeko ekimena, Montaut plazan. Ondotik lotu zitzaizkien kantariak ere. «Hori, gero, Karrikaldia bilakatu da, programazio ofizialean sartuz. Hazia erein genuen, eta, orain, herri euskalduna bilakatua da! Ez da ezer hutsetik abiatzen. Hau bikaina da. Erabat nire giroan nabil».

Seme-alabak dantzan ikustera etorria zen Jean-Claude Iriart Baionako hautetsia, baina: «Euria! Gure egitaraua ezeztatua da, baina ez gara hartarako etxera abiatu! Jende gutiagorekin ere hobe da, egun guziz eguzkiarekin ere hala balitz, bikaina litzateke!». Harentzat eta familiarentzat «usaia» bilakatua da Karrikaldiara jitea, «edozein adinetakorentzat gune egokia» dela azpimarratu du.

Ostatura hurrandu da Ludivine Lauilhe biarnesa mutxikoez galdezka, «bereziki horretara nator Karrikaldira. Angelura [Lapurdi] bizitzera etorri orduko, mutxikoak ikasten hasi nintzen. Orain zale errabiatua naiz! Hau pena dena ezeztatua dela!». Baionako Herriko Etxerako bidea hartu du, Percu Fadas txaranga zain baitu, Brasilgo surdo tresna jotzen baitu bertan. Baionaren itzulia egiteko menturan dira, «berdin digu euriak, guk segi eta segi!».

Irrintzi lehiaketa

Maite Daymon 15:30erako bertaratu da Karrikaldiara, izan ere, irrintzi lehiaketa ez zuen huts egin nahi. Alta, norgehiagokak huts egin dio, gainerakoak bezala, hori ere, aro hitsak isilarazi baitu. «Duela bi urte hasi nintzen mutxikoak ikasten. Luzaz kanpoan bizi izan naiz, itzuli naizelarik ikusi dut denak ari direla dantzan. Gure garaian, gaztaroan, ez zen fandangoa baizik. Taldean ikasten dugu, eta loriatzen naiz! Hementxe egonen gara, ia xantza pixka batekin ateriune batek dantzan egiten uzten dituen!», azaldu du.

Emeki-emeki, 50-60 urteko emazte prestatuak inguratzen hasi zaizkio, tertuliaren erdigunea dantzak hartu duen ber, bakoitzak bere aterkia zutitu eta zabaltzen duen bitartean.