Euskal Dantzarien Biltzarra
Euskal Dantzarien Biltzarra

Euskal dantza: tradizioak berrituz

Egilea: Mikel Elkoroberezibar Beloki

Komunikabidea: Berria

Tokia: Donostia

Mota: albistea

Data: 2018-08-15

Lotura: Berria

Eskola Dantza Taldeak euskal dantzak egin ditu Donostiako Konstituzio plazan, Aste Nagusiaren egitarauaren barruan. Zuberoako, Gipuzkoako eta Bizkaiko dantza tradizionalez gain, euskal dantzaren pausoak musika eta jantzi berriekin uztartu dituzte, tradizioa eta berrikuntza batuz.
 
Donostiako Konstituzio plazan 20:00etako kanpaiak jo baino lehen, plastikozko aulki gehienak beteta daude, eta jendea zutik zain dago inguruan: Eskola Dantza Taldearen urteroko dantza emanaldiaren zain daude. Astelehenean izan ziren Eskolakoak Konstituzio plazan, 20:00etan. Jende heldua eta adinekoa dago gehienbat, gazte batzuk eta haur dezente. Askok aulkiak gorde dizkiete lagunei, aterki bat gainean jarriz, beste inork lekua lapurtu ez diezaien. Ateri dago, baina lainoen mehatxupean prestatuta agertu dira donostiarrak.

Agertokiaren atzean, udaletxe zaharreko arkupeetan janzten eta luzaketak egiten dabiltza dantzariak. Nerea Azkona donostiarra da, eta txikitatik egin du dantza Eskolan: «Euskal dantza nire bizitzaren erdia da ia. Asko gozatzen dut dantzatuz, eta lagun asko egin ditut Eskolan. Gainera, asko ikasi dut dantzatik; asko bidaiatu dugu, eta kultura asko ezagutu ditugu». Maddi Nazabal ez da Donostiakoa, oiartzuarra da, baina aspalditik egiten du dantza Eskolan. Konstituzio plazako urteroko emanaldia «oso garrantzitsua» da Eskolarentzat: «Erronka bat da, aurreko urtekoa hobetzen saiatzeko». Horretarako, entseatzen ordu asko egin dituzte, eta lan izugarria dago atzetik, Azkonak dioenez: «Hau baita urteko emanaldi garrantzitsuena». Gazteak dira, eta, gainera, gustuko dute parranda: «Kafe askorekin, lo gutxi eginda, baina gogo handiz ekingo diegu gaurko dantzei», esan du Azkonak.

Tradizioa eta berrikuntza

Asteleheneko emanaldian, Eskola Dantza Taldeko 41 dantzari izan ziren oholtzan, musikariekin batera. 75 urte baino gehiago dituen dantza talde horrek, dantzariez gain, umeen akademia, musikariak, danborrada eta lorezainak ere hartzen ditu, eta Euskal Herriko zein nazioarteko oholtza askotara igo dira. Jakin dute euskal dantzaren barnean tradizioa berrikuntzarekin uztartzen.

Emanaldia tradizioarekin hasi dute, Zuberoako maskaradarekin: Kantiniersak, Txerreroak, Gathuzainak, alkateak eta Zamaltzainak satan, gabota, eta godalet dantzak egin dituzte. Nerea Ramirez donostiarrak ardoz beteriko edalontzi horietako baten inguruan —eta gainean— dantzatu du, eta harro dago haren aita, Damian Ramirez, begira: «Euskal dantza ikustea asko gustatzen zait, eta Konstituzio plazara dantza taldeak ikustera etortzen naiz. Alabak Eskolan dantzatzen du, eta asko gustatzen zait taldearen indarra. Atzetik lan handia dago, gainera».

Gero, bloke gipuzkoarrari ekin diote. Agurra dantzari batek dantzatu du, abeslari baten ahotsa zelarik musika bakarra. Aurrez aurre, ezpata dantza, belauntxingo, zortzikoa eta uztai dantza ere egin dituzte, eta ikusleen txaloak jasoz Gaudioso Ortega de Castro eta Mari Carmen Martin adineko bikote bat da, eta «ustekabean» hasi dira dantzak ikusten: «Bulebarrean paseatzen genbiltzan, eta Konstituzio plazan esertzea pentsatu dugu. Dantza zegoela ikusita, bertan geratzea erabaki dugu».

Benito Lertxundiren Herribehera kantan oinarriturik, Josetxo Fuentesek egindako koreografia dantzatu dute jarraian. Dantzariek eskuekin Nafarroako kateak irudikatu dituzte, nafarrak omentzeko. Gero, Bizkaiko blokea egin dute: agintariarena, launakoa eta ezpata joko dantza.

Denboran atzera egin dute gero, eta 1813an Donostiako Kanoietan iturrian urketariek, soldaduek eta gizon donostiarrek neskatan eta mutiletan nola egiten zuten irudikatu dute dantzaren bidez. Gero, Bizkaiko beste dantza bat: Kaxarranka. Kaxa baten gainera igota dantza egin du dantzari batek, eta jendea harrituta utzi du haren abileziak. Gogotsu egin dute txalo Garazi eta Amaia Lasa ahizpek. Donostiarrak dira, eta ikasleak: lehena unibertsitatean dago, eta bigarrenak DBH hasi berri du. «Aurtengoa oholtza gainean egongo ez naizen lehen aldia da, bizkarrean mina dudanez gaur ez dantzatzea erabaki dudalako. Dantza izugarri gustatzen zait, eta nire taldea animatzera etorri naiz», esan du Garazi Lasak. Amaia Lasa, berriz, hurrengo urtean igoko da lehen aldiz Konstituzio plazako oholtzara: «Eskolako dantza akademian nago, eta hurrengo urtean handien taldean sartuko naiz. Gogo handia dut Konstituzio plazan dantzatzeko, baina urduri ere jartzen nau».

Maider Oiartzabal koreografoaren bost dantzarekin amaitu dute emanaldia. Horietan, euskal dantzako pausoak jarri dizkiete musika eta jantzi berriei. Azken dantza hastean, plaza aterkiz bete da, euriak agurtu baititu dantzariak inork baino hobeto.

Gaur, 20:00etan, jotak ikusi ahalko dira Konstituzio plazan.