Euskal Dantzarien Biltzarra
Euskal Dantzarien Biltzarra

Ezpatak eta ezkilak dantzan

Egilea: Iker Tubia

Komunikabidea: Berria

Tokia: Burlata

Mota: albistea

Data: 2019-07-07

Lotura: Berria

Iruñerriko dantzariek Burlatako Campaneros dantzak eta Xemeingo ezpata dantza eskaini dituzte Foruen plazako dantza saioan. Banderak haizatuz hasi da emanaldia, ikurrina tartean.
 
 Iruñeko Alde Zaharreko karrikak borborka ziren bitartean, Foruen plaza lasai antzean zen atzo eguerdian. Galtzada harriak gori-gori, plaza hutsik zegoen. Ausartenak belardian, gutxi batzuk. Gehienak itzaletan, urrutiago. Halako batean erdiratu dira banderak: ikurrina, Nafarroakoa eta Burlatakoa (Nafarroa). Burlatako Campaneros dantzen Bandera Arbolaren doinuarekin astindu dituzte dantzariek banderak, tartean udaletxean debekatu nahi izan dutena. Plaza horretan libre zen ikurrina.

Burlatako eta Markina-Xemeingo (Bizkaia) dantzak aurkeztu zituzten aurten Iruñerriko taldeek txupinazoaren ondotik emandako dantza jaialdian. Horregatik atera zuten Burlatako bandera hasieran. Herri horretakoa da Larratz taldea, eta hari egokitu zitzaion plaza gidatzea, musikariak paratzea eta banderak eramatea. 40 urte bete dituenez, gainerako taldeek haien dantzak ikasi zituzten emanaldirako.

Ezkilaren hotsak eman zituen abisuak lehenbiziko dantzetan. Burlatan ibiltzen dute tresna hori, campanero (ezkila jotzaile) esaten baitiete bertako biztanleei. Nork bere jantzia soinean egin zuen dantza, eta koloretako mazedonia sortu. Agurra, arku dantza eta makil dantza eman zituzten. Indarrez aritu ziren neska-mutilak, eta, bukaerako txalo zaparradagatik, merezi izan zuten dantzarien burutik behera jausten ziren izerdi ibaiek. Lehenbiziko zatia bukatzeko, Larratz plaza erdira atera zen, orduan bakarrik, zinta dantza egiteko.

Ezpatekin hartu dute plaza

Ordura arte nagusitutako gaiten doinuek bide eman zieten txistuei. Biribilketaren erritmoarekin Foruen plazako hiru tuneletatik dantzari zuri-gorriak atera ziren bi ilaratan, nor bere buruzagiaren gibeletik, atzealdean ezpata txin-ak zituztela. Txapel gorri eta eskapulariodun gudarosteek hartu zuten plaza Xemeingo ezpata dantza egiteko. Une batean, talde guzietako buruzagiak goratu zituzten ezpatekin: bigarren txalo zarta, ozenagoa, buruzagi guziak altxaturik agertzea ikusgarria izan baitzen.

Une hartan, Xemeindik joandako gazteak adi-adi ziren, tartean Oier Onaindia, hango Zerutxu dantza taldeko kidea. Iruindarren maisu ere izan zen emanaldia prestatzeko saioetan. «Harrotasunez hartu dugu. Goraka etorri gara une horretan, eta hunkigarria izan da. Gainera, publikoaren harrera egokia izanda, askoz hobeto hartzen dira horrelakoak», azaldu zuen.

Bukatzeko, talde guziek elkar harturik borobil handi bat egin zuten plazan, Nogalera jota dantzatzeko. Ikusle askok berehala utzi zuten itzala une hartan, jarraian larrain dantzarekin gozatzeko; hori libre baita. Emanaldia bukatutzat emanda, urduritasuna albo batera utzita, besta giroan aritu ziren denak: taldeetako kideak eta albokoari so urratsei jarraitzen saiatzen zirenak.

Ainhoa BuenoIruña Taldeko dantzariak eta Aitor Baztarrika Oberenakoak nahiago izan zuten solasean geratu. «Berotsua» izan baitzen eguna, Baztarrikaren irudiko. Buenorentzat, taldearekin egoteko eguna da lehen besta eguna. Pozik zen emaitzarekin: «Egun oso polita da; emanaldia ongi atera zaigu, dantzari asko ginen, eta hainbat jantzi erakutsi ditugu». Baztarrikarentzat ere egun berezia zen: «Festaren lehen eguna da, eta polita da dantzan hastea». Plazako lanak eginda, bazkaria zuten esperoan. Gero ere izan zuten dantzarako tarterik.