Euskal Dantzarien Biltzarra
Euskal Dantzarien Biltzarra

Gaur arratsaldeko txupinazoagaz ekitaldiz betetako jaiak hasiko dituzte Izurtzan

Egilea: Joseba Derteano

Komunikabidea: anboto.org

Tokia: Izurtza

Mota: albistea

Data: 2018-08-31

Lotura: anboto.org

Datozen asteburu bietan jai-giroz jantziko da Izurtza. Udal agintariak gaur, 20:00etan, igoko dira balkoira txupinazoa botatzeko, eta protagonista berri bat izango dute ondoan. Jaietako ikur edo maskota berria: Trokotxa izeneko basurdea. Herriagaz identifikatzen den animalia da, udalerriko armarrian agertzen delako. Jaiak hasi eta amaitu arte udaletxeko balkoian egongo da.

Tradizioari eutsiz, herrigunean ez ezik inguruko auzoetako ermitek eta euren inguruek ere hainbat ekitaldi hartuko dituzte. Santa Ageda baseliza da horietako bat. Igande honetan Jaizale kalejiraren laguntzagaz bertaratuko dira herritarrak meza hasten denerako. Ostean, Mendi Gain dantza taldeak saioa eskainiko du eta bertso bazkaria egingo dute Eneko Abasolo 'Abarkas', Eli Pagola eta Txaber Altube bertsolariekin. Arratsaldean herrigunean jarraituko du jaiak Hodei magoagaz eta Lotxo taldearen erromeriagaz.

Bigarren domekak Santo Tomas baseliza eta bere inguruak izango ditu protagonista. Mezaren eta dantza saioaren ostean, Onintza Enbeita eta Oihana Bartra bertsolarien txanda izango da. Aurten mendi bizikleta martxa ere egun horretan egingo dute, irailaren 9an.

Dantza taldearen urteurrena
Domekak ekitaldiz bete-beterik datoz, eta beste hainbeste esan daiteke jaietako zapatu biei buruz ere. Irailaren 8a berezia izango da, Mendi Gain dantza taldeak sortu zeneko 50. urteurren ospakizuna egingo duelako. Dantza saioa eskainiko dute 11:30ean, eta 13:00etan hasiko da ospakizuna, herri bazkarian batu aurretik. Arratsaldean tortilla txapelketa eta Basajaun taldearen kontzertua izango dira.

Argazki lehiaketa
Udalak jaietako argazki lehiaketa abiatu du aurten ere. Laugarren aldia egingo du. Hiru sari banatuko dituzte guztira: 100 euro irabazlearentzat, 75 euro bigarren argazkirik onenarentzat eta 50 euro hirugarrenarentzat. Argazkiak aurkezteko epea irailaren 28ra artekoa izango da, Izurtzako udaletxean. Kultura eta jai batzordeetako kideek osatuko dute epaimahaia.