Euskal Dantzarien Biltzarra
Euskal Dantzarien Biltzarra

Hamalau bikotek parte hartuko dute Segurako dantza txapelketan

Egilea: Goierriko hitza

Komunikabidea: Goierriko hitza

Tokia: Segura

Mota: albistea

Data: 2019-10-16

Lotura: Goierriko hitza

Larunbatean jokatuko da, 18:00etan, Baratze pilotalekuan. Lehenengo aldiz, Aitor Ruiz de Eginoren garaikur berria banatuko dute. Goizean, IV. Dantza Eguna ospatuko da

 

Beste behin ere, euskal dantzaren hiriburu bilakatuko da larunbatean Segura. 11:30etik aurrera, IV. Dantza Egunarekin, kaleko dantzariak izango dira protagonista herriko plazan, eta 18:00etan, Baratze pilotalekuko oholtza berrituan, 43. Euskal Herriko Dantza Txapelketan, goren mailako dantza solteko dantzariak. Txapelketako ia sarrera guztiak salduta daude.

Aurtengo dantza txapelketan 16 bikotek izena eman badute ere, hainbat istripu tarteko, azkenean 14 dantza bikotek hartuko dute parte. Estibalitz Iturria Gipuzkoako Eusko Dantzarien Biltzarreko (GEDB) koordinatzailearen esanetan, 14 bikotetatik 13 gipuzkoarrak dira; tartean izango dira Legazpiko Idoia Narbaiza eta Irati Olaizola. Gipuzkoatik kanpoko bikote bakarra, Bizkaikoa da, Sopelakoa, Irati Lopez eta Gorka Granadok osatua. Azkeneko hiru urteetako irabazleak, Xabier Artola eta Idoia Besada, eskenatokiaren beste aldean, ikusleen artean izango dira txapelketa gertutik jarraitzen.

Dantzariek zortzi pausoko fandangoa dantzatu beharko dute Isilkara txistulari taldearen txistu doinuaz, eta arin-arina, Estanga anaia-arrebak trikitilarien piezarekin. «Dantzariek egunean bertan ezagutuko dituzte doinuak». Izaro Iraetak eta Imanol Artolak aurkeztuko dute lehiaketa eta ETB1k egunean bertan emango du saioa (21:00).

Sariei dagokienean, bikote irabazleak 800 euro, oroigarria, txapela, lepokoa, bidaia eta GEDBren oroigarria jasotzeaz gain, Aitor Ruiz de Egino hernaniarrak egindako eskultura jasoko du bikote txapeldunak ordezkatzen duen udaletxean gordetzeko, hurrengo txapelketa jokatu arte.

Izarra Urdalleta Segurako alkateak eskerrak eman nahi izan dantza txapelketa antolatzen laguntzen duten Gipuzkoako Foru Aldundiari, ETBri, Irizarri, Ampori, Orkliri, Kenduri, Kutxabanki eta Eroski Bidaiak-i, eta batez ere, Iosune Arrondo Segurako Udaleko kultur teknikariari, «20 urtean dantza txapelketa antolatzen egin duen lanagatik».

DANTZA TXAPELKETA

Bikoteak:

· June Elorza -Eneko Sarasua (Azpeitia- Azkoitia)
· Ane Urruzola-Iker Sanz (Villabona-Lezo)
· Katerin Artola-Iker Belintxon (Oiartzun.-Lezo)
· Irati Lopez-Gorka Granado (Sopela)
· Larraitz Larrañaga-Amets Amubieta (Azpeitia)
· Nagore Kerejeta-Aner Kerejeta (Azpeitia)
· Elaia Elorza-German Aranburu (Azpeitia)
· Leire Eizmendi-Gorka Kerejeta (Errezil-Azpeitia)
· Laura Bastida-Ekain Uzkudun (Azpeitia)
· Idoia Narbaiza-Irati Olaizola (Legazpi)
· Maider Arrieta-Jon Ander Iriondo (Azpeitia)
· Saioa Galarraga-Julen Murgiondo (Bergara)
· Maite Beobide-Mikel Subinas (Azpeitia)
· Itziar Bastida-Anaitz Lizartza (Azpeitia).

Ikuskizuna:

· Atsedenaldian Alurr dantza taldeak Irradak dantza ikuskizuna eskainiko du.

Dantza eguna:

· 11:30. Plazan topaketa nagusia eta Azpilla dantza taldeak gidatutako polka erraldoia.
· 12:30. Gau Argi taldearekin dantza plaza gidatuak.
· 13:30. Herri bazkaria karpan. Helduak 8 euro, 12 urtera arteko haurrek 4 euro.
· 15:30. Gau Argi taldearekin dantza plaza gidatuak.