Euskal Dantzarien Biltzarra
Euskal Dantzarien Biltzarra

“Herrien Arteko Folklore Jaialdia” berriz itzultzen da Barakaldora, 22. edizioarekin

19 aza 2018

Hona hemen Ibarra-kaldu elkartetik bidali diguten oharra:

"

Barakaldoko Ibarra-kaldu elkarteak berriro ere dakarkigu Herrien Arteko Folklore Jaialdia, eta aurtengo 22. edizioa azaroaren 28tik abenduaren 10 arte garatuko da. Jaialdiak honek babesle ditu Bizkaiko Foru Aldundia, Barakaldoko Udala eta Kutxabank, eta beste erakunde batzuk ere baditu laguntzaile, hala nola  Barakaldo Antzokia, Deia egunkaria, Radio7-Tele7, Metro Bilbao eta Kilika Bertso Eskola.

Ohi denez, jaialdiaren ekitaldi nagusiak Barakaldo antzokian egingo dira, abenduaren 7an eta 8an, eta Barakaldotik kanpoko jardunaldian, abenduaren 9an, aurten Igorre izanik kanpoko plaza. Baina horietaz gain, aurreko bi asteetan beste ekitaldi batzuek ere osatzen dute jaialdiaren egitaraua.

EKITALDI OSAGARRIAK

·         Jaialdiaren 22. edizioko egitarauari argazki-erakusketak emango dio hasiera eta amaiera, azaroaren 26tik abenduaren 10 arte garatuko baita, Barakaldoko Clara Campoamor zentro zibikoan. Erakusketaren bidez ezagutarazi nahi dira edizio honetan parte hartzen duten taldeen kulturak.

·         Hitzaldi-solasaldia izango da bigarren ekitaldia. Azaroaren 29an egingo da, osteguna, 19:30ean, Ibarra-kaldu elkartearen egoitzan. Gure folklorearen hainbat alderdi aztertzen eta ezagutarazten jarraitzeko, aurten, euskal soinu-grabazio zaharrak izango ditugu aztergai. Horretarako, Inaxio López de Arana ikertzailea izango dugu hizlari, besteak beste, Rudolf Lubitschen 1913ko grabazioei buruz mintzatzeko, eta, aldez aurretik, “Maitia nun zira” film laburra emango dugu, Lehen Mundu gerran Alemaniako kontzentrazio esparruetan zeuden euskal presoei egindako grabazioak oinarri dituena.

·         Hirugarren ekitaldia bertso afaria izango da. Azaroaren 30ean egingo da, ostirala, 22:00etan, Ibarra-kaldu elkartearen egoitzan, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoaren bezperan. Ekitaldian Igor Elortza eta Onintza Enbeita bertsolariek hartuko dute parte. Kilika Bertso Eskolarekin batera antolatu da eta afariaren aurretik bertso poteoa egingo dute eskolakideek 20:00etatik aurrera.

 

EKITALDI NAGUSIAK

Barakaldo Antzokiko ekitaldi nagusietan, Ibarra-kaldu talde anfitrioiaz gain, eta Kilika bertso eskolak aurkezturik, gonbidaturik izango ditugu, dantza-egunean, Asturiaseko Lugones herriko La Sidriña taldea eta Errioxako Briones herriko dantza taldea, eta musika egunean, aldiz, Juravca abesbatza, emakume lipobenoek osatua, eta Residence Irish Band, Bilboko Residence kafe-etxeko irlandar sessionetako taldea, session horiek hamarkada eta erdia pasatxo bete dutela ospatzeko. Hirugarren egunean, Barakaldotik kanpo egiten den emanaldian, Arratiako Igorre herriko Arantzarte taldea izango da aurtengo talde gonbidatuen anfitrioia.

Beti bezala, ekitaldi nagusiotako sarrera doakoa izango da.

·         MUSIKA EGUNA abenduaren 7an izango da, ostirala, eta Barakaldo Antzokian egingo da saioa, 19:30ean. Bertan, Ibarra-kaldu anfitrioarekin batera arituko dira JURAVCA talde lipobenoa eta RESIDENCE IRISH BAND taldea, ekitaldiko aurkezpenak Kilika Bertso Eskolak eginik. Gainera, aurten 30 urte bete duenez, LUTXANAKO DULTZAINA TAILER-ESKOLA ere izango dugu egun horretan, saioa hasi aurretik antzokiaren sarrera eta inguruak girotzen.

·         Jaialdiko DANTZA EGUNA Barakaldo antzokian egingo da, abenduaren 8an, larunbata, 19:30ean, eta IBARRA-KALDU anfitrioiarekin batera LA SIDRINA taldea eta BRIONES herriko dantza-taldea arituko dira oholtzan. Aurretik, eta eguraldia lagun, egun horretan bertan, 19:00etan, kalejira bat egingo dute dantza taldeok antzokiaren inguruko kaleetan, Llanoko kartoi banda lagun, aurten 40. urteurrena ospatzen baitu. Gainera, antzoki barruko ekitaldian sorpresatxo bat izango dugu, Laguntasuna dantza taldeak parte harturik.

·         Barakaldotik KANPOKO EGUNA, Bizkaiko beste udalerri batean egin ohi dena, jaialdiko hirugarren egun nagusira itzuliko da aurten. Arratiako Igorre herrian izango da ekitaldia, abenduaren 9an, igandea, 13:00etan. Bertako ARANTZARTE dantza taldearekin batera Asturiaseko LA SIDRIÑA eta Errioxako BRIONES herriko taldea arituko dira jendaurrean.

 

Aurreko 21 edizioetan, Ibarra-kaldu talde antolatzailearekin batera, 33 dantza taldek hartu dute parte dantza-egunean, Estatuko sutonomia erkidego guztietatik etorrita, baita Belgikatik, Frantziatik, Italiatik eta Portugaletik ere. Talde horietako musikariez gain, beste 26 musika taldek eta hainbat bertsolarik ere hartu dute parte musika egunean, non tokitxo bat egin zaien gure inguruan dirugun gutxiengoei. Gainera Bizkaiko 14 talde ere izan ditugu, anfitrioi lanetan, Barakaldotik kanpo egiten den eguneko emanaldian.

 

Herrien arteko XXII. Folklore Jaialdiaren egitaraua

 

ATARIKO EKITALDIAK

Azaroak 26, astelehena – abenduak 10 astehena

ARGAZKI ERAKUSKETA Herrien arteko XXII. Folklore Jaialdiko parte hartzaileen kulturak ezagutarazteko, Clara Campoamor zentro zibikoan.

Azaroak 29, osteguna

19:30 – HITZALDI-PROIEKZIOA: “Euskal soinu grabazio zaharrak”, Inaxio López de Arana hizlari eta “Maitia nun zira” film laburra. Ibarra-kaldu elkartearen egoitzan.

Azaroak 30, ostirala

20:00 – BERTSO-POTEOA, Kilika bertso eskolarekin.

22:00 – “BERTSO AFARIA” Igor Elortza eta Onintza Enbeita bertsolariekin, Ibarra-kaldu elkartearen egoitzan.

 

EKITALDI NAGUSIAK

Abenduak 7, ostirala (Barakaldo Antzokia)

19:00 –Lutxanako DULTZAINA ESKOLA (kalejira)

19:30 – MUSIKA ENTZUNALDIA

·         RESIDENCE IRISH BAND (irlandar musika)

·         JURAVCA talde lipobenoa

·         IBARRA-KALDU (Euskal Herria)

Abenduak 8, larunbata (Barakaldo Antzokia)

19:00 – Dantza-taldeen kalejira, Llanoko kartoi bandak ere parte harturik.

19:30 – DANTZA EMANALDIA

·         LA SIDRINA folklore taldea (Lugones - Asturias)

·         BRIONES herriko dantza taldea (Errioxa)

·         IBARRA-KALDU elkartea (Euskal Herria)

·         Aurkezpenak KILIKA bertso-eskolak egingo ditu.

 

Abenduak 9, igandea (IGORRE)

13:00 DANTZA EMANALDIA

·         LA SIDRINA folklore taldea (Lugones - Asturias)

·         BRIONES herriko dantza taldea (Errioxa)

·         ARANTZARTE dantza-taldea (Igorre - Euskal Herria)

"