Euskal Dantzarien Biltzarra
Euskal Dantzarien Biltzarra

Herrien arteko XXIII. Folklore Jaialdia. Ibarra-kaldu

18 aza 2019

BATOR, BERRIZ,
BARAKALDOKO HERRIEN ARTEKO FOLKLORE JAIALDIA

Barakaldoko Ibarra-kaldu elkarteak berriro ere dakarkigu Herrien arteko Folklore Jaialdia, Aurtengoa 23. edizioa izango da, eta azaroaren 22tik abenduaren 9 arte garatuko da. Jaialdiaren babesleak Bizkaiko Foru Aldundia, Barakaldoko Udala eta Kutxabank dira, baina beste erakunde batzuk ere baditu laguntzaile, hala nola Barakaldo Antzokia, Deia egunkaria, Radio7-Tele7, Metro Bilbao, Kilika bertso eskola eta Urduñako Erauntsi dantza taldea.

Ohi denez, jaialdiaren ekitaldi nagusiak Barakaldo antzokian egingo dira, abenduaren 6an eta 7an, eta Barakaldotik kanpo egiten den emanaldia Urduñan izango da aurten, abenduaren 8an, igandea. Baina egun horietako ekitaldiez gain, badira atariko ekitaldi batzuk egitarauan, aurreko bi asteetan egingo direnak.

Aurreko 22 edizioetan, Ibarra-kaldu talde antolatzailearekin batera, 35 dantza taldek hartu dute parte dantza-egunean, Estatuko autonomia erkidego guztietatik etorrita, baita Belgikatik, Frantziatik, Italiatik eta Portugaletik ere. Talde horietako musikariez gain, beste 28 musika taldek eta hainbat bertsolarik ere hartu dute parte musika egunean, non tokitxo bat egin zaien gure inguruan ditugun gutxiengoei. Dantza eta musika talde horietaz gain, Bizkaiko 15 talde ere izan dira, anfitrioi lanetan, Barakaldotik kanpo egiten den eguneko emanaldian.