Euskal Dantzarien Biltzarra
Euskal Dantzarien Biltzarra

Hiriburuko plazara jalgi da euskara

Egilea: Haritz Larrañaga

Komunikabidea: kazeta.eus

Tokia: Hiriburu

Mota: albistea

Data: 2018-06-04

Lotura: kazeta.eus

Plaza Berrin ezarri zuten karpa leporaino bete zen. "Andere Serora Hiriburun" pastorala arrakastaz burutu zen eta ikusleek txalo zaparradekin eskertu zuten 150 aktore eta laguntzaileek egin zuten lan bikaina.

Pastorala hasi baino ordu erdi bat lehenago sekulako ekaitza hasi zen, baina ordurako 2.900 ikuslerentzako tokia zuen karpako eserlekuak hartuta zeuden. Agertokia txukun, loreak, soinu bandaren txokoa gainean, eta izara zurien artean, bat urdina eta bestea gorria.

Orkestra lehen notak jotzen hasi orduko txaloka erritmoa markatzen hasi ziren ikusleak eta gibeletik hasi ziren sartzen antzezleak. Formazio perfektuan egin zuten desfilea eta ongi antolatuta ezarri ziren oholtzan. Bandera urdinaren atzean, eta urdinez jantzita, "txintxoak", Hiriburuko herritarrak, beren andere serora buru zutela. Bandera gorriarekin, gorriz jantzita, "gaiztoak", Baionako merkatari eta jauntxoak. Azkenik, beltzez jantzita eta haurrez inguraturik, bi apaiz.

Herensugeak eta serora

Hiriburuko sarreran bada latorriz eginiko herensuge bat. Haurrek haren berri galdetu zioten pailazo bati, eta honek Erdi Arotik Hiriburun izan ziren andere seroren historia kontatzeari ekin zion; izan ere, hiru buruko herensugearen historia arras lotua dago Lapurdi, Hiriburu eta andere seroren ibilbidearekin.

Andere serorak zer diren ongi azaldu zuten abesti bidez, ahots ezti eta doinu apalekin, urdin koloreko aktoreek: "Andere serora dugu herri honen lekukoa, (...) Serora baino gehiago zen herriko anderea, lehengo euskal etxearen errituen zaintzailea".

Zakar eta doinu azkarrean agertzen ziren "gorriak". "Pastorala noizdanik da ipuin bat ñiñiendako? Hemen behar da ixuri odol eta nigar malko", zioen haietako batek. Aitzitik, "gorrien" zakarkeriari, hitz pausatuekin erantzuten zioten "urdinek". Ondorioz, emozioak pizten zituzten "txintxoek" eta irri eginarazten zuten "gaiztoek", sarri Napoleon bezalako pertsonaia maltzurrak ordezkatzen baitzituzten.

Antzezpen desberdinekin, lepo bat moztua duen hiru buruko herensugea Hiriburuko armarrian zergatik dagoen eta andere serorek une historikoetan hartutako erabakietan izan zuten garrantzia ere nabarmentzen zuten atzoko pastoralean.

Koroan zein bakarka abestu zutenak, dantzariak, musikariak eta antzezleak, guztiak bikain aritu ziren, eta hiru orduko saioa fite pasa zen. Jendeari irri eginarazi zioten momentuak izan ziren eta baita abeslarien ahots gozoak entzuteko sortu ziren isilune sakonak ere.

Momentu berezia izan zen, esaterako, ezustean Ingalaterrako tropak gaita eta danbor hots ozenekin karpan sartu ziren unea. 1813an Hiriburun izan zen bataila antzeztu zuten, dantza bizkor batean, makilak ezpata gisa erabiliz. Horrela iraun zuen ikusminak eta ikuskizunak, etenik gabe, eta amaieran, Lapurdi osoan entzun zen txalo zaparrada jaso zuten oholtzan bildu ziren parte hartzaile guztiek.