Euskal Dantzarien Biltzarra
Euskal Dantzarien Biltzarra

Lezoko Euskal Herriko Dantzari Egunean, 35 dantzari talde

Egilea: Urko Etxebeste

Komunikabidea: Oarsoaldeko HITZA

Tokia: Lezo

Mota: albistea

Data: 2019-09-30

Lotura: Oarsoaldeko HITZA

Euskal Herriko Dantzari Eguna egingo dute Lezon larunbatean. Euskal Dantzarien Biltzarrak iragarri du 35 talde gerturatuko direla herriraino.

 

Euskal Dantzarien Biltzarrak jakinarazi du larunbatean (urriak 5) Lezon egingo den Euskal Herriko Dantzari Egunean 35 taldek parte hartuko dutela, Euskal Herri osotik etorriak. Murixka Dantza Taldearekin elkarlanean egingo dute egun osoko ekitaldi handia.

Goizean zehar kaleak alaitzeko kalejira egingo dute goizeko protagonista izango diren dantza taldeek, musikariz lagunduta. 12:00etatik 13:00etara, Goiko plazan, herriko Murixkak, Primadera taldeak (Lapurdi) eta Gure Txokoa taldeak (Nafarroa) emanaldia eskainiko dute. Saioaren ondoren, horiek guztiak Gurutze Santuaren plazara joan, eta Kantu Dantza jarduera egingo dute.

16:00etatik aurrera, Lezon izango diren 35 dantza taldeei harrera egingo diete, ondoren, 17:00etatik, beste kalejira bati ekiteko. 17:30ean izango da eguneko dantza emanaldi nagusia, Karlos Saldise plazan. Ekitaldi hori bukatzeko, bilduko diren ehunka dantzariek elkarrekin, Hegi, fandangoa eta arin-arina, Txulalai eta Larrain Dantza egingo dituzte.

Eguna jarraitzeko Jaixkipe txarangak musikaz girotzen jarraituko du herria, eta herri afariaren txanda izango da ondoren. Gurutze Santuaren plazan egingo den erromeria-dantzaldiarekin bukatuko da eguna.

Ekintza eta ekitaldi horiez gain, 16:30etik 20:00ak arte, Zubitxo kalean artisauen folklore azoka izango da jarrita.

Oharra: euria egingo balu, goizeko ekintzak Karlos Saldise plazan egingo dira, eta arratsalde-gauekoak Bekoerrota kiroldegian.

Asteazkenean, hitzaldia
Joan den astean egin zen mahai-inguruarekin bezala, aste honetan ere Euskal Herriko Dantzari Eguna girotzeko izango da ekitaldirik. Hala, asteazkenean (urriak 2), 19:00etan eta Euskara eta Kultura sailaren bulegoan, Lezoko folklorea, Trapujale eta Zabarre hitzaldiaz gozatzeko aukera egongo da.