Euskal Dantzarien Biltzarra
Euskal Dantzarien Biltzarra

Maite Lazkano: "Garai bateko erromerien ohitura berreskuratu nahi dugu domekako ekitaldiarekin"

Egilea: Jokin Bereziartua Lizarazu

Komunikabidea: Goiena.eus

Tokia: Bergara

Mota: albistea

Data: 2019-05-29

Lotura: Goiena.eus

Domekan, ekainak 2, Bergarako euskal dantza taldeek elkarrekin eskainiko duten jaialdiaren nondik norakoak azaltzeko Goiena telebistan izan zen Maite Lazkano atzo. Musika eskolako dantza taldea, Janire Urbieta, Xamatz, Moises Aspiazu eta erraldoiak elkarrekin irtengo dira domekan San Martin plazara (12:00), jaialdi berezi baten bueltan.

Zertarako antolatu duzue domekako ekitaldia? Zein da helburua?  

Urte luzez tradizioa zen Bergaran maiatzean edo ekainean erromeriak egitea. Azken urteetan aldaketa batzuk eman dira dantza taldeetan eta ez da halako ekitaldirik sortu. Etenari buelta emateko asmoz, gaur egun Bergaran martxan gauden dantza taldeok erabaki genuen badela garaia erromerien ohitura hori berreskuratzeko; domekakoa izango da lehen ekitaldia.   

Bergara beti izan delako herri oso dantzaria, ezta?

Hala da. Bi talde nagusi izan ditugu tradizioz. Batetik, taldeko dantzak landu izan dituen Xamatz egon da, 25 urtez lanean egon zena [2008an euren ibilbidea amaitutzat eman arren urtean zehar ekitaldi jakin batzuetan hartzen dute parte]. Bestetik, Moises Aspiazu dago, gure taldea, laster 30 urte egingo dituena eta solteko dantzak lantzen abiatu zena. Dantza solteko txapelketa da horren adibide, betiere puntako dantzariekin. Taldeka zein soltean, Bergarak beti izan du tradizio handia, hainbat eta hainbat dantzari mugitzeraino.  

Zenbat talde zaudete gaur egun?

Hiru. Batetik, Janire Urbietaren taldea dago, adin guztietako dantzariak batzen dituena. Bestetik, duela sei urte sortu zen musika eskolako dantza taldea ere martxan dago; eta gero gu gaude, Moises Aspiazu. Gainera, ezin dugu erraldoien taldea ahaztu, eta haiek ere parte hartuko dute domekan. Gure arteko harremanak onak dira, domekarako prestatu dugun ekitaldia da gure arteko harreman onaren adibide garbia.

Elkarlana garrantzitsua delako, ezta?

Talde bakoitzak bere asteroko eginbeharra dauka eta bere ekitaldiak antolatzen ditu baina bai itzuli nahi dugula garai bateko erromeria haien testuingurura. Gure artean badagoelako ekitaldi berezi batzuk elkarlanean antolatzeko gaitasuna.  

Esan genezake Bergarako euskal dantza taldeak osasuntsu daudela?

Osasuntsu eta indartsu gaude, bai. Talde bakoitzak bere ekintzak egiten ditu eta bere dantza estiloak landu, eta uste dut hori oso aberasgarria dela. Gu soltean hasi ginen baina gaur egun dantza herrikoiak egiten ditugu eta bagabiltza dantza berri batzuk sortzen. Musika eskolan, Aukeran-eko kide bat dago irakasle moduan eta beraz, argi dago dantza garaikideek ere badutela euren lekua. Eta Janire Urbietak eta Jon Arrillagak gidatzen duten taldean arin-arina, fandangoa eta beste dantza tradizionalagoak lantzen dituzte.

Domekara begira jarriko gara. Zer prestatu duzue? Zenbat dantzari elkartuko zarete gutxi gorabehera?

Espero dugu domekan San Martin plaza dantzariz eta herritarrez betetzea. Hiru zati izango ditu jaialdiak. Batetik, dantza taldeok eta erraldoiek bina dantza egingo ditugu, nor bere aldetik. Bigarren zatian, dantza herrikoi batzuk dantzatuko ditugu elkarrekin eta, bukatzeko, lehengo erromeria kutsu haiek gogoratuz, herri osoa jarriko dugu dantzan. Espero dugu giroa sortzea ikusleak ere dantzan jartzeko...   

Jaien aurreko 'mokadutxoa' izango da ekainaren 2ko ekitaldia, hein baten...

Jaietarako plaza berotzen hasiko gara [barreak]. Itzulera hau lehen harria izan dadila datozen urteetan ere halako erromeriak antolatzeko. Erraza izan da berriro elkartzea; guztiok ikusi dugu herriak merezi duela.