Euskal Dantzarien Biltzarra
Euskal Dantzarien Biltzarra

Ortzadarren XXXIII Folklore Jardunaldiak

12 abe 2018

Hona hemen jaso dugun albistea:

"1978ko udaberrian, aurreko neguan Nafarroako Erriberako hainbat herritan egindako paloteauei buruzko ikerketan oinarritua, Ortzadar Elkarteak “Erribera” ikuskizuna aurkeztu zuen,. Ikerketa-kanpaina horren ondorioz, Murchanteko makil dantzak berreskuratu ziren eta Corellako bat ere. Paloteauak Erriberako antzerki-adierazpenak eta koreografiak dira eta XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen hasierarako tartean desagertu ziren. izan ere,  1978. urte hartan bizirik mantentzen zen bakarra Cortesko Paloteaua zen. Urte horretan bertan, Lourdes auzoko San Joan Paloteatua aurkeztu zen Tuteran, galdutako paloteoak berreskuratzeari hasiera ematen eta beste haien berririk ez zeukaten herrietan tradizio berriak, paloteau berriak sortuz. Ondorengo urteetan paloteau olde honi hainbat herri batu ziren: Fustiñana, Cabanillas, Fontellas, Ablitas … eta, berrogeita hamargarren urteurren honetan, Tuterako paloteatu berria, San Pedroko Paloteaua.

Folklore Jardunaldien edizio honen helburua eskualde bat eraldatu duen fenomeno horretan murgiltzea da; dantza tradizionalaren mundutik at zegoen eskualde hori dantza tradizional berrien indargunea bilakatu baita. Era askotako elkarteek, kasu batzuetan udalen lankidetzarekin, paloteauak sortu eta plazaratu dituzte, kultur adierazpen eta kritika politiko gisa, baina baita ere nortasuna adierazteko tresna bezala. Horretarako, koreografo eta musikarien laguntza izan dute; baita bere herrikideen konplizitatea ere, bertso eta dantza adierazpen hau egiteko. Paloteau berrien aldeko apustuak ukaezinezko arrakasta izan du, baina egindako bidea ez da beti erraza izan. Horregatik guztiagatik, mugimendu honen genesian sakontzen saiatuko gara aurtengo Jardunaldietan, Paloteaua berreskuratzeko edota berriak sortzeko erabakiaren atzean izan diren arrazoiak identifikatzen saiatzeko; koreografien eta melodien nondik norakoak, inspirazio iturriak, ezagutzeko; Paloteau talde ezberdinen dinamikak eta dantza-maisuekin dauzkaten harremanen berri izateko; Dantza-maisu berri hauen fenomenoan sakontzeko… Xedea paloteau berrien, dantza eta musika berrien tokian tokiko errotzea eta bere hedapen azkarra ulertzea da."