Euskal Dantzarien Biltzarra
Euskal Dantzarien Biltzarra

Parekidea izan da aurten San Martzialen egindako soka-dantza

Egilea: Oihana Elortza

Komunikabidea: Goiena.eus

Tokia: Bergara

Mota: albistea

Data: 2018-07-01

Lotura: Goiena.eus

Zazpi emakumezkok eta zazpi gizonezkok hartu dute parte aurtengo soka-dantzan Bergarako San Martzial erromerian. "Parekidea izan da lehendabiziko aldiz. Berdintasunaren aldeko beste pausu bat da. Ea datorren urtean desafioa ere parekatua den", esan du Jose Mari Larrañagak. Martxanterak deituta bestalde, elkarretaratzea egin dute "Justizia patriarkala ez da justizia" kartelarekin.

Dantzak hasi orduko jendea tokia hartuta zegoen San Martzialeko zelaian. Musika doinuak erakarrita hasi dira poliki-poliki tokia hartzen. Segidan, Sebastian Lizaso eta Maddalen Arzallus bertsolariek ongietorria egin diete denei eta handik gutxira hasi da dantza saioa. Ohitura den moduan udal ordezkariak ere dantzan egin dute gaur eta ikusleen artetik dantzara atera direnen artean zeuden Ahobizi eta Belarriprest ere.

Batzuk dantzak ikusten zeuden bitartean bazkaltzeko tokia egokitzen ari ziren kuadrilla asko bakoitza bere txokoan. Kantinan ere ez zen jenderik falta eta iturria umez beteta zegoen, pistolak urez kargatzera joanda denak.

Dantzak bukatu ostean elkarretaratze jendetsua egin dute zelaian Martxanterak taldeak deituta. Justizia patriarkala ez da justizia irakurtzen zen kartelaren atzean herritar asko batu dira. Gora borroka feminista oihuak ere entzun dira.

Bazkaltzeko ordua iritsi denean jendea egunaz disfrutatzen ari zen oraindik. Eta bakarren bat telefono mugikorrean eguraldi iragarpena zein den kontsultatzen ere bai.