Euskal Dantzarien Biltzarra
Euskal Dantzarien Biltzarra

Sahatsa dantza taldearen emanaldiarekin amaituko da Azpeitia Dantzan bihar

Egilea: Uztarria

Komunikabidea: uztarria.eus

Tokia: Azpeitia

Mota: albistea

Data: 2019-07-12

Lotura: uztarria.eus

Sahatsa dantza taldeak Bizkaia, soineko zuriz jantzia emanaldia eskainiko du bihar, zapatua, 20:00etatik aurrera. Plaza Txikian hasiko da ekitaldia 19:50ean, eta ondoren, kalejiran, plazara joango dira, eta han jarraituko dute ikuskizunarekin. Azpeitia Dantzan egitasmoaren hirugarren eta azken emanaldia izango da biharkoa.

 
 

Duela bi aste abiatu zen Azpeitia Dantzan egitasmoa Itsasi dantza taldearen emanaldiarekin, eta bihar, zapatua, egitasmoaren hirugarren eta azken emanaldia eskainiko du Juan Luis Lizabek zuzentzen duen Sahatsa dantza taldeak, Bizkaia, soineko zuriz jantzia izenburupean. Plaza Txikian hasiko da ikuskizuna 19:50ean, eta ondoren, kalejiran, plazara lekualdatuko dira dantzariak, 20:00ak aldera.

Hiru ordu laurden inguru iraungo du Sahatsaren ikuskizunak, eta Bizkaiko dantzak ikusi ahal izango dira. Antolatzaileek adierazi dutenez, mendez mende iraun duten dantza eta musika tradizionalez gain, koreografia berriak ere izango dira ekitaldian. Besteak beste, Kaxarranka, Batelerak, Ezpata dantza eta Lanestosako arku dantza ikusteko aukera izango da biharko emanaldian. Ondoren, Aita San Antonio Urkiolakoa kantuarekin beste dantza bat egingo dute, eta ikuskizuna amaitzeko, arin-arina dantzatuko dute.