Euskal Dantzarien Biltzarra
Euskal Dantzarien Biltzarra

Salben burrunba eta dantza ekitaldia nagusituko dira bihar Elorrioko Errebonbilloen jaian

Egilea: Durangon

Komunikabidea: Durango

Tokia: Elorrio

Mota: albistea

Data: 2019-10-05

Lotura: Durango

Antzinako ohiturari jarraituz, Errebonbilloen jaia ospatuko da Elorrion bihar, urriko lehenengo domeka dela eta. Aurten, ospakizuna Ondarearen Europako Jardunaldien egitarauan tartekatu dutela eta, egunpasa egiteko gonbitea luzatu du turismo bulegoak.

Elorrioko eskopetarien konpainiak Euskal Herriko tradizio adierazgarrienetakoa eta Bizkaia osoan mantentzen den armen alarde bakarra gauzatuko du berriro ere, goizean zein arratsaldean leku jakinetan salbak joz eta ospakizuna dantza ekitaldiarekin borobilduz.

Taldea osatzen duten kapitainak, 15 eskopetariak eta txistulariak goizeko bostetan egingo dute lehenengo agerraldia. Herriko plazan bildu eta hasierako salbak jo ondoren, Kurutzondon, garai bateko San Lazaro ospitalean, Santa Ana komentuan, Kurutziagan, Txanbeliko gurutzearen parean zein herriko beste zenbait leku adierazgarrietan eskainiko dituzte tiro hotsak. Baita, armosua hartuko duten Tanger taberna aurrean eta alkate andreak agindutako tokian ere.

Eguneko bigarren saioa arratsaldeko bostetan hasiko den Errosarioaren ostean hasiko da. Eguraldiak laguntzen badu, elizatiarrek egingo duten Ama Birjinaren prozesioa lagunduko dute Errebonbilloek, berriro ere salbak leku jakinetan botata.

Ibilbidea egin ondoren Herriko plazara itzuliko da konpainia eta, eskopetak utzi ondoren, dantza ekitaldiari ekingo diote. Agerraldia kapitainak eta atzeskuak eskainiko duten Desafioarekin hasiko da eta jarraian, Banan-banakoa dantzatuko dute errebonbillo guztiek. Aurreskuarekin eta Zortzikoarekin herritarrak gonbidatuko dituzte dantzan egitera eta ospakizunari amaiera emango dien Fandangoa eta Arin-arina dantzatzera.

Egun pasa Errebonbilloekin

Errebonbilloen jaia Bizkaiko Foru Aldundiak hainbat erakunderen partaidetzarekin antolatutako Ondarearen Europako Jardunaldien egitarauan sartu dutela eta, konpainiarekin egun pasa egiteko gonbitea luzatu du turismo bulegoak. Horretarako beharrezkoa da erreserba egitea 946820164 edo 688776270 telefonoetan edo info@elorrio.eus helbide elektronikoan.

Aurten ere kirol eta kultur ekitaldiak antolatu dira eguneko egitaraua osotzeko helburuarekin. Goizeko 11:00etan, nesken gomazko paleta zirkuituko partiduak jokatuko dira eta ordu erdi geroago hasiko den mezan Basilikako Koruak abestuko du.

13:30ean Jaizale Durangaldeko txistularien kalejira egongo da eta ondoren kontzertua eskainiko dute Herriko plazan.