Euskal Dantzarien Biltzarra
Euskal Dantzarien Biltzarra

Sekretupean, baina lanean

Egilea: Izaro Zinkunegi Barandiaran

Komunikabidea: Berria

Tokia: Ipar Euskal Herria

Mota: albistea

Data: 2018-08-29

Lotura: Berria

Mende baten ondoren, kabalkada egingo dute Uztaritzen, urriaren 13an eta 21ean; 150 herritar baino gehiago dira parte hartzaileak, eta entseguak egiten ari dira udaberritik.
 
Sorpresa efektuak badu sekulako indarra», azaldu du Aritz Bidegainek, Uztaritzeko (Lapurdi) kabalkadako antzezlanaren idazleak. Mende bat geroago itzuliko da kabalkada herrira, erdi isilpean, erdi ezkutuan; 1905ean egin zuten azkenekoz. Urriaren 13an eta 21ean plazaratuko dute; bitartean, uztariztarrak buru-belarri dabiltza errepiketan.

Kabalkada herritarrek sortutako ikuskizuna da, eta adierazpide ugari biltzen ditu, hala nola dantza, bertsoa, musika, abestiak eta antzerkia. Kabalkadek usadio handia dute Lapurdin eta Nafarroa Beherean batez ere: Bidegainek azaldu duenez, XIX. mendean egiten omen ziren, baita lehenago ere. Bada, ikuskizuna hauspotu egin da bi mende geroago: «Duela hamar urtetik hona berpiztu egin dira kabalkadak; orain, udan, kabalkada bat ikus daiteke gutxienez».

Bidegainek ez dauka oso argi zerk berpiztu dituen kabalkadak, baina gogoan du 2007. urtean Itsasun (Lapurdi) egindakoa: «Arrakasta izan zuen, eta pentsatzen dut inguruko herriak animatuko zirela». Handik abiatu zen kabalkada herriz herri; iaz, esaterako, Bidarrain egin zuten (Nafarroa Beherea), eta ehun herritarrek baino gehiagok hartu zuten parte.

Elkarlana eta eskarmentua

Uztaritzek hartu du berpiztearen lekukoa aurten, eta udazkenean plazaratuko dute ikuskizuna. Dantzariak, abeslariak, bertsolariak, musikariak eta antzezleak ere ariko dira han. Hain justu, antzerkiak auzi bat izan ohi du abiapuntu: «Herriko kontuak edo aferak aipatzen dira antzerkian», azaldu du haren idazleak. Gogoratu du lehen kontu pertsonalak ere jorratzen zirela; orain, aldiz, «ikusgarri bat» sortzen dute, barrea eragiteko.

Jakina, auzi bat izanik, epaileak, fiskalak, abokatuak, lekukoak eta abar ariko dira antzerkian. Bada, ordea, egunera arte jakingo ez den kontu bat: epaiketaren gaia. Isilpean gordeko dute ordura arte, antzezlanak «indarrik ez galtzeko». Horrek ikusmina piztu die herritarrei, baina itxaron egin beharko dute: «Pazientzia pixka bat izan beharko du jendeak».

Aste gutxi barru plazaratuko da ikuskizuna, baita auziaren gaia ere. Hala ere, herritarrak iaztik dabiltza kabalkada prestatzen: Bidegain abenduan hasi zen antzezlana idazten, eta martxoan amaitu zuen. Antzezleak izan ditu bidelagun, haien ekarpenekin findu baitu testua. Testua esku artean, apirilean ekin zieten errepikei, eta horretan ari dira azken asteetan ere. Irailean, ostera, errepika orokorrak egingo dituzte, lauzpabost guztira, adierazpide guztiek batera.

Antzezleak bezala, Izartxo dantza taldeko kideak ere prestaketa lanetan ari dira azarotik. Arantxa Lannes taldeko kidea da, eta azpimarratu du kabalkada elkartzeko aukera izan dela: «Hainbat belaunalditako jendea batzeko parada izan da, baita taldeari hautsak kentzekoa ere». Orotara, 70 lagun inguru ariko dira dantzan, 18 eta 70 urte artekoak, eta haien emanaldiak hiru zati izango ditu: dantza tradizionala, arin-arina eta fandangoa eta taldeak 50 urteotan inauterietarako sortutako dantza. Hain zuzen, Izartxok mende erdia bete du, eta ospatzeko aitzakia ere izango da kabalkada.

Egun handia iristeko badago ere, kabalkadak bide luzea egin du jadanik, eta fruituak ere eman ditu; besteak beste, ehun herritar baino gehiagoren topagune bihurtu da ikuskizuna. «Garaiz da oraindik kabalkadak zer utziko duen esateko, baina herritarrak elkarlanean aritu gara lanean», azpimarratu du Lannesek. Bidegainen iritziz, kabalkada «irakaspena» ere izan da, nola antzezleentzat hala dantzarientzat ere. Halaber, ikuskizuna baliagarria izan da ernatzeko ere, herritarrek kantu talde bat sortu baitute emanaldietarako.

Herriaren festa

Mende bateko etenaren ondoren ondu dute kabalkada Uztaritzen antzezle, dantzari, musikari eta bestek. Nolanahi ere, lehenagotik zuten ikuskizuna sortzeko harra. Horri erantzunez, Xabier Itzainarekin elkartu ziren; Bidegainek azaldu duenez, Itzainak kabalkadak ikertu ditu, eta hark azaldu zizkien ikuskizunaren nondik norako nagusiak. Era berean, beste herrietako emanaldiak ere izan dituzte eredu.

Urriko bigarren larunbateko eta hirugarren igandeko emanaldiekin bukatuko da kabalkadaren ibilia, behinola abiatutako leku berean, Uztaritzen: «Herrian ematen den ikuskizuna da, ez kanpoan». Parte hartzaileak gogotsu daude, eta herritarrei «momentu goxo» bat pasarazteko asmoz plazaratuko dira; antzezleen kasuan, irria eragitea ere izango dute xede, baita sorpresa azaleratzea ere.

Bata ala bestea, urrikoak festa egunak izango dira, beste herrietakoen gisan. Bidegainek aurreratu duenez, ikuskizunaz gain, hari buruz hitz egiteko tartea ere izango da, jan-edanaren bueltan. Uztariztarrek horrekin agurtuko dute kabalkada, aterik itxi gabe gerora sor litezkeen elkarlanerako asmoei: «Beste proiektu batzuk egiteko gogoa ere piztuko da beharbada».