Euskal Dantzarien Biltzarra
Euskal Dantzarien Biltzarra

Trikiti eta panderozaleak oparo, erromerien plazak gainbeheran

Egilea: Uztarria

Komunikabidea: uztarria.eus

Tokia: Urola erdia

Mota: albistea

Data: 2017-11-22

Lotura: uztarria.eus

Atzo, asteartea, iritsi zen Sanagustin kulturgunera Trikitigiro hitzaldi zikloaren bigarren solasaldia: Urola Erdiko trikitixa datuetan: trikitilariak, txapelketak eta erromeriak. Hitzaldiaren izenak ezin hobeto islatzen du atzo zein gai izan zituzten hizpide, eta horien inguruan egindako ikerketetan eta datuetan oinarritutako aurkezpen bana eskaini zuten Irati Arangurenek, Haritz Garmendiak eta Laxaro Azkunek. Ibon Errazu aritu zen saioa gidatzen. 

Trikigiro kultur elkarteko kidea da Aranguren, eta beste hainbat kiderekin batera Urola Erdiko trikitilarien datu basea osatzen ari da. Atzoko solasaldian, egindako ikerketaren berri eman zuen Arangurenek:"Urola Erdian trikitilari asko daudela egiaztatzea zen gure ikerketaren helburua, eta hala egin dugu. 1880tik gaur egunera bitartean izandako trikitilari eta panderojoleen zerrenda osatzen saiatu gara, eta gaur egun ere horretan gabiltza. 200 trikitilari eta panderojole inguru zenbatu ditugu".

Egin duten ikerketaren ondorio nagusiak "aurretik zegoen uste bat egiaztatu" duela uste dute Trikigiro elkartekoek: "Urola Erdiko trikiti mugimendua trinkoa eta saretua izan dela, eta hainbat trikitilari, panderista eta dantzari izan dituela inguruan". Haritz Garmendiak aipatu zuen "egundoko ekarpena" egin zuela Urola Erdiko trikitilarien taldeak trikiti txapelketetan. "Txapelketen azken faseetan, batez bestekoa egin ezkero, parte-hartzaileen erdia baino gehiago Urola Erdikoak direla kuantifikatu dugu. Era berean, ikusi dugu txapel guztietatik erdia baino gehiago etorri direla Urola Erdira", azaldu zuen Garmendiak.

Laxaro Azkune, aldiz, erromeria plazen inguruan aritu zen solasean. Hark aipatu zuen garaiak "aldatu" egin direla, eta horrek eragina izan duela erromerien plazen gainbeheran. Duela hamarkada batzuk erromeria plaza "asko" zeudela nabarmendu zuen Azkunek, batzuk iganderokoak, eta besteak festetan-eta hala bihurtzen zirenak. "Lehengo mendean elizak kontrol handia zuen eta gogor borrokatu zuen soinu txikiaren aurka, inpernuko hauspoaren aurka, baina herritarrek, baserri mundukoek bereziki, asmatzen zuten neska-mutilak elkarrengana biltzeko aitzakiarik. Mendi aldean zein hango borda edo baserrietan egiten zituzten erromeriak igande eta jai arratsaldeetan. Soinu txikia zen errege erromeria horietan"

Festarako eta ligatzeko tokia erromeriak zirela nabarmendu zuen Azkunek, baina "ligatzeko eta festarako erak aldatu" direla esan duen. Hala ere, Urola Erdian 44 bat erromeria lekuren arrastoa atera dute, "auzoak eta bertako jaiak aparte utzita". Dena den, denborak aurrera egin ahala erromeria plazek indarra galdu dutela aipatu zuen Azkunek.

Joan den asteartean hasi zen solasaldi bira. Aurreneko saioan, Joseba Tapia, Iñigo Aranbarri eta Joxe Mari Iriondo aritu ziren hizketan, Trikitixaren euskalduntzea 70eko hamarkadan: Urola Erdiko trikitixaren ekarpena euskal kulturan izenburupean. Hurrengo asteartean, berriz, hirugarren eta azken hitzaldia eskainiko du Trikigirok. Trikitixaren orainaz eta etorkizunaz mintzatuko dira, Urola Erdiko trikitixaren lorratza gaur egungo trikitilariengan hitzaldian. Sanagustin kulturgunean izango dira Josu Arrizabalaga Izer, Xabier Etxaniz eta Huntza Taldeko Josune Arakistain. Elkarrizketatzaile, aldiz, Alex Arzelus ariko da.