Euskal Dantzarien Biltzarra
Euskal Dantzarien Biltzarra

«Trikitiak aukera eman dit nik neuk gozatzeko»

Egilea: Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Komunikabidea: Berria

Tokia: Gasteiz

Mota: elkarrizketa

Data: 2019-01-09

Lotura: Berria

Txikitatik esku artean eduki duen arma da trikitia Zabaletarentzat. Medikua da, baina musikari ere eskaintzen dio tartea. Igandean zuzenean arituko da, Hika Mika taldearekin batera, Gasteizen.
 
Laugarren urtez egingo dute Ilunabarrean dantzan zikloa, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean. Lau folk dantzaldi egingo dira, hilabetean behin, urtarriletik apirilera bitartean. Euskal Herriko hainbat dantzarik gidatuko dituzte saioak. Musika ere zuzenekoa izango da, Hika Mika taldearen eskutik. Ander Zabaleta (Gasteiz, 1991) trikitilaria bertako kide da. Egitasmoaren koordinatzaile ere izan da bi urtez; taldekideekin batera, musikari dagozkion egokitzapenak egin ditu.

Igandean egingo da lehen saioa. Zerbait berezia prestatu al duzue lehen egunerako?

Ez dugu ezer berezirik prestatu, egingo ditugun lau saioetan dinamika berbera mantenduko dugu. Saio bakoitzean dantza irakasle bat eta musikariak egongo dira. Hamabi kanta inguruko errepertorioa osatzen dugu saio bakoitzerako, eta, dantza bakoitzaren aurretik, azalpenak ematen ditu irakasleak. Musika jo eta dantza egingo dugu elkarrekin. Ez dakigu zenbat pertsona etorriko diren, baina, aurreko urteetako parte hartzea ikusita, uste dugu jende dezente izango dela.

Balfolk jaialdietako dantzak dira oinarri. Ez da kontzeptu ezaguna.

Oinarrian, dantzaldi bat da. Europako lurralde batzuetan hedatzen ari da kontzeptua; dantza tradizionalak ditu barnean. Dantza horiek milaka izan daitezke, herri bakoitzaren arabera; beraz, hemengoak ere kontzeptuaren barnean sar daitezke. Badaude jaialdi horietan ia beti egiten diren dantzak eta hemen hain ezagunak ez direnak; beraz, horiek ezagutarazi nahi ditugu, baita hemen ezagunagoak diren dantzak egin ere. Nahasketa bat da.

Zuzeneko musika ere egongo da, Hika Mika taldearen eskutik. 

Horrelako jaialdietan ezinbestekoa da zuzeneko musika egotea. Kasu honetan, hiru lagun elkartu gara. Imanolek, nire anaiak, gaita, alboka, panderoa eta whistle[flauta irlandarra] jotzen ditu; Fabienek, lagun frantsesak, berriz, gitarra eta mandolina jotzen ditu. Nik trikitia jotzen dut. Duela gutxi sortu dugu taldea, eta elkarrekin emango dugun lehenengo kontzertua izango da. Gehienbat, folk musikan oinarritzen gara, euskal errepertorioan eta Europa erdialdekoan.

Musikaren aukeraketa ere egin duzue. 

Bai. Alde batetik, gure esku egon da, baina, bestetik, ez. Saio guztietan egingo diren dantzak guk proposatu ditugu, baina irakasleak proposatutako beste dantza bat ere egingo da. Dantzen melodiak prestatzeko, gitarra jolea bizi den tokian astebete igaro genuen, Frantzia hegoaldeko herritxo batean. Egun osoa pasatu genuen etxean sartuta, piezak entzun eta kantuak erabakitzen. Melodiak egokitu ditugu.

Halere, baduzu esperientzia. Zikloaren koordinazio lanetan aritu izan zara aurreko aldietan. 

Aurtengoa zikloaren laugarren aldia izango da, eta nik lehenengo bietan hartu nuen parte. Koordinazio lanetan aritu nintzen pixka bat. Musika errepertorioaz gain, dantzarien eta musikarien aukeraketan ere parte hartu nuen. Partitura batzuk ere idatzi behar izan nituen.

Eta denbora horretan esku artean izan duzun arma al da trikitia?

Zalantzarik gabe. Trikitia bizitzaren arlo oso garrantzitsua da niretzat. Ate asko zabaldu dizkit, eta jende asko ezagutzeko aukera eman dit. Trikitiak aukera eman dit nik neuk gozatzeko. Etxean neure kabuz jotzeko eta lasaitzeko balio dit, baita deskonektatzeko ere. Jai giroan jotzeko ere gustatzen zait.

Ofizioz medikua zara. Nekeza al da afizioa eta ofizioa uztartzea?

Saiatzen naiz, ahal den neurrian, biak uztartzen. Azken urteetan, medikuntza albo batera utzia nuen, eta orain berriz hasi naiz lanean. Hori dela eta, nabaritzen da denbora gutxiago dudala musikarako, baina argi dut saiatuko naizela tartetxoren bat edo beste hartzen musikari eskaintzeko.

Beraz, lehendabizi trikitilaria ala medikua zarela esango zenuke?