Euskal Dantzarien Biltzarra
Euskal Dantzarien Biltzarra

Urteurren dantzaldia Joxan Goikoetxearekin

Egilea: Amaia Zabala

Komunikabidea: Goiena.eus

Tokia: Elgeta

Mota: albistea

Data: 2019-01-18

Lotura: Goiena.eus

Elgetako Herrixa Dantzan dantzaldiak hamar urte beteko ditu, eta, urteurren hori ospatzeko, alboka taldeko soinu-jole Joxan goikoetxea izango da urtarrilaren 27an Espaloia kafe antzokian, 19:00etan, Patxi Montero dantzariak gidaturik.
Herrixa Dantzan ekimenak hamar urte beteko ditu hilabete honetan, 2010eko urtarrileko azken igandean izan baitzen lehen dantzaldia, Elgetako Espaloia kafe antzokian. Hori dela eta, hamar urte geroago, urtarrilaren 27rako, Hernaniko Alboka taldeko Joxan Goikoetxearekin dantzaldia prestatu dute.
 
"Begiz jota eta oso maitea dudan taldea da Alboka eta urte hauetan guztietan Herrixa Dantzan dantzaldietan haren musika oso presente egon da. 25 urteko ibilbidea duen taldea da eta oso lan duina egin du. Azken hamar urteotan taldea geldirik egon bada ere, 2017an bosgarren diskoa kaleratu zuten, Lurra, ur, haize, eta berriz hasi dira zuzeneko kontzertuak ematen", azaldu du dantzaldietako sortzaile, egungo antolatzaile eta irakasle Patxi Monterok.
 
Gaineratu du Goikoetxearekin batera Alboka taldeko Alan Griffin ere dantzaldian izatea zela asmoa, baina bolada honetan Irlandan, jaioterrian, dagoenez, ezinezkoa izan dela. Urtarrilaren 27ko emanaldia Alboka taldearen diskografiatik aukeratutako abestiekin osatutako dantzaldia izango da, Montero dantza irakasleak gidatuko du eta, antzokiko taberna itxita badago ere, izango da jatekoa eta edatekoa gerturatzen den ororentzat. Bestalde, sarrera irekia eta doakoa izango da.

 

Dantzaldi erreferenteak

Aurtengoa hamargarren edizioa bada ere, Monterok Azpimarratu du urtetik urtera "osasuntsuago" daudela eta dantzaldiak eta jendearen erantzuna ere "gero eta hobeak" direla: "Dantzaldi erreferente bihurtu dira, eta, inguru osoko zaleez gain –Debagoiena, Debabarrena, Durangaldea–, urrutiagotik ere etorri ohi dira dantzariak –Bilbo, Gipuzkoako kosta...–. 40 eta 100 lagun artean elkartu ohi gara".
 
Monterok azpimarratu du, erreferente izateaz gain, estilo propioa duten dantzaldiak direla Elgetakoak eta"dantzaldi guztien oinarria beti" musika eta dantza tradizionala dela. Dantzaldiak Elgetako Udalak laguntzen ditu eta hileko azken domeketan izaten dira, normalean, urritik maiatzera bitarte, Espaloia kafe antzokian.